Azkoagain futbol zelaian hainbat hobekuntza lan egingo ditu Udalak

2020/04/22
Card image cap
Argiteria hobetuko eta zelaiaren kanpoaldeko sarea aldatuko du

  Azkoagain zelaian argiztapenaren neurketak egin zituen Udalak, Aloña mendiko futbol sailak eskatuta. Argi gutxi zegoela eta futbolean aritzeko nahikoa ez zela argudiatzen zuten futbol arduradunek eta arrazoia zutela ikusi zen neurketak egin ondoren. Arazoa konpontzeko, argiztapen dorreetako lanparak aldatzea erabaki zuen Udalak. 2000W-ko 24 lanpara aldatuko dira, hau da, 6 lanpara argiztapen dorre bakoitzeko. Lana ARGI elektrizitatea enpresari esleitu zaio 6.218 eurotan.

  Era berean, zelaiaren kanpoaldeko sarea aldatzeko erabakia hartu du Udalak. Pasa den abenduko azken egunetako haize zakarrak sarea txikitu zuen hainbat lekutan. Sarea zaharra da eta ustelduta dago, ondorioz, ezinezkoa da jostea, eta iparraldeko eta mendebaldek zatiak aldatu beharrean daude. Udal kirol zerbitzuek hiru aurrekontu eskatu zituzten eta Hobby Kirolak enpresaren proposamena onartu da, 8.736 euro.

  Azkoagain futbol zelaiko argiztapena eta sarea aldatzeko lanak esleituta eta material hornidura aurreratuta dagoen arren, lanak, egoera normaltzen denean egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!