Azken Txanpa azoka astebetez luzatuko du Txandak, 4tik 11ra
Txanda dendarien elkarteak antolatuta Azken Txanpa outlet azoka egingo du astebetez, gaur hasi eta datorren ostiralera bitartean. Dendariak hasi dira denboraldi berriko generoa jaso eta lokaletan eskaintzen eta berezituta dituzte udaberri-udako denboraldiko azken produktuak. Horiek, denda atarietan jarriko dira, deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izan dezaten bezeroek. Emakume, gizon eta haur moda, lentzeria, mertzeria, osagarri, oinetako, etxeko apaingarri eta bestelako salgaiak jarriko dira.
Bezero eta dendarien segurtasuna bermatzeko Kale Barria itxita da gaur goizean eta hala mantenduko da bihar ere. Datorren astean, ordea, kalea ez da itxiko eta zamaketa lanetarako ordutegian, eraikin aldamenetan jarriko dira salgaiak, trafikoa ez oztopatzeko. Baina Azken Txanpa azoka ez da kale Barriako dendetan egiten soilik, Bidebarrietan, Lazarraga kalean edota San Lorentzon ere topatuko ditugu udaberri-udako produktuak prezio berezietan eskaintzen dituzten komertzioak. Aurten gainera, eta berritasuna hori da, azoka aste oso batez luzatuko da, gaur hasi eta hilaren 11ra arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!