Azken orduko adostasunik lortu ezean, kale-garbitzaileek greba mugagabea hasiko dute bihar
 
                                            Azken orduetan ez da harremanik izan udal gobernuaren eta kale garbitzaileen, edo hauen ordezkari sindikalen artean, mahai gainean dauden eskaerak eztabaidatu eta adostasunera iristen saiatzeko. Azken orduko konponbiderik ez bada beraz, kale garbitzaileek greba mugagabeari ekingo diote bihar goizean. Praktikan, ordea, lehen egunetan ez da antzemango. Gutxieneko zerbitzuak agintzen dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretua jaso berri da eta zera dio, zerbitzuaren %100a bete beharko dela bihartik asteartera, eta % 25a, asteazkenetik ostiralera. Greba eskubidea guztiz zapuzten duten gutxieneko zerbitzuak direla adierazi digu LABeko ordezkari batek, abusuzkoak eta ez osasun, hezkuntza edota beste sektore publikotan agintzen ez direnak.
Kale-garbiketa zerbitzuan dauden gabeziak aspalditik salatzen ari dira langileak eta udal arduradunekin batzartzen hilabeteak badaramatzate ere, 2026ko lan egutegiaren aurkezpenak areagotu du arazoa. Kale-garbiketa zerbitzuko plantila 10 langilek osatzen dute egun eta duten lan karga arintzeko bi eskaera nagusi egiten dituzte: 2 pioi gidari gehiago kontratatuz plantilla handitzea, makinen erabilera ziurtatu eta gutxieneko zerbitzuak errazago betetzeko, eta 7:25 orduko lan-jarduna jartzea, atseden egunak gainontzeko udal langileen antzera izateko. Udal gobernu taldeak zerbitzua berrantolatu behar dela onartzen du eta gidari kopurua eta eguneko lan jarduna luzatzeko prest dago baina plantilla handitu gabe. Denbora eskatu du, aukera guztien azterketa burutzeko eta beharrezkoak diren kontraste teknikoak eginda, berme guztiak beteko dituen egutegia proposatzeko. Asteburuan San Migel jaiak hasiko dira eta hori presio moduan erabiltzea erabaki zuten kale-garbitzaileek, bihartik aurrera greba mugagabea iragarriz. Greba egin ala ez, lanera joan beharko dira, ordea, %100ko gutxieneko zerbitzuak betetzea agindu baitu Eusko Jaurlaritzak. Horrek giroa gaiztotuko duela uste du langileen batzordeko ordezkari batek.
Iturria: Oñati Irratia
 
                  Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!
 Oñatiko udala
 Oñatiko udala 
           
                           
                          