Oñatiko udala

Avanzak Debagoieneko autobus flota berritu du 18 ibilgailurekin

2026/02/10
Card image cap
Eskualdeko herrien arteko eta Gasteizekiko lotura lineatan ibiliko dira

  Avanza enpresak betetzen du Debagoienako herrien arteko eta inguruko eskualdeekiko autobus bidezko lotura zerbitzua, baita Donostia, Gasteiz eta Bilborako zerbitzuak ere. Lurraldebuseko zerbitzuaren autobus flota handitu eta berritzen ari da azken urteotan eta 18 ibilgailu berri eskuratu dituela jakinarazi da, astean. Flota osatzen duten 77 ibilgailutatik 57 berriak dira, 2023an 8 urteko bataz besteko antzinatasuna izatetik, 3 urteren azpikoa izatera pasa delarik. Dagoeneko martxan diren 18 autobus berrietatik 16 eskualdeko herrien arteko eta Debagoiena eta Gasteiz arteko zerbitzu lineatan ibiliko dira.

  Ibilgailu berriak hibridoak dira eta emisioak eta kontsumoa optimizatzen dute, irisgarritasuna errazteko elementu modernoak dituzte, hara nola, arrapala bikoitz elektrikoa eta eskuzkoa edo gurpil-aulkiarentzako espazioa, eta gidarientzat ere erosoagoak dira, lanpostu ergonomikoagoa eta zabalagoa baitute. Gainera, segurtasun-elementuak dituzte, kamerak, ABS sistema eta irristatzeen aurkako sistema, egonkortasunerako programa elektroniko bat, larrialdiko balaztatzeko laguntza-sistema bat eta erreia uztean ohartarazpen-sistema bat, besteak beste, zerbitzuaren kontzesiodun den Aldundiak jakinarazi duenez. Izan ere, Azahara Dominguez Mugikortasuneko diputatua Arrasaten egon zen atzo, Avanza enpresa bisitatu eta aipatu autobus berrien aurkezpena egiten.

  Debagoieneko alkateek eskualdeko autobus zerbitzu publikoa hobetzeko hainbat proposamen helarazi zizkioten Aldundiko arduradunari eta, besteak beste, autobusen segurtasunaz zuten kezka azaldu zioten. Zerbitzua osatzeko konexio eta linea berriak jartzea ere eskatu zioten. 2024ko martxoan egin zuten proposamenak helarazteko bilera. Gerora, hainbat harreman izan badira ere ez da aurrerapauso esanguratsurik egin, ez behintzat zerbitzua osatzeko eskaeraren inguruan. Horregatik, eskualdeko alkateek bilera berria eskatu zuten iazko udazkenean. Baina bilerak banaka, herrika, hitzartzen ari dira, alkate eta Mugikortasun diputatuaren artean; Azahara Dominguez diputatua eta Oñatiko alkatea bi aste barru elkartzekoak ei dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!