Avanzan aurreakordioa lortu dute hilabeteetan luzatu den lan gatazka amaitzeko
Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lana egin du sindikatu eta enpresaren artean, hilabeteetan luzatu den lan gatazka amaitzeko aurreakordioa lortu delarik. Gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta UGT sindikatuen aldeko botoekin aurrera egin du, Arrasate, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako egoitzetako langileen %75ak proposamena babestu ondoren. 2023-2028 urte tarterako hitzarmenak, lanaldiaren murrizketa, soldata igoera, lan poltsa bat sortzea eta jubilazio partzialaren figura biltzen ditu, besteak beste.
Atzerako eraginez aplikatuko den hitzarmenak, soldata % 12,1 igotzea jasotzen du, 2023-2025 tartean eta KPIa gehi puntu bat ondorengo urteetan. Lanaldia murrizten joateko neurriak ere hartuko dira, hitzarmena amaitzerako 1.628 orduko lanaldia ezartzeko. Dan den, helburua, 1592 ordura murriztea da, ELA sindikatuak azaldu duenez. Sortu litezkeen baja eta beharretarako behin behineko langileen lan poltsa sortu eta jubilazio partzialaren figura jasoko dela azpimarratu du UGTk. Aurreakordioak hilabeteetan luzatu den lan gatazka amaitzea ahalbideratuko du, erabiltzaile moduan, oñatiarrok eta debagoiendarrok eskertuko duguna. Izan ere, hitzarmenaren aldeko hainbat greba egun izan baitira azken urtean eta horrek zuzenean eragin dio eskualde barruko nahiz Debagoiena eta hiriburuen arteko autobus zerbitzu publikoari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!