"Auzotasuna" atal gehigarriaren kontura emango diren dirulaguntzen deialdia egin da
2013an sortu zuen Udalak Auzotasuna deritzon diru poltsa; jasoaz joan da eta 123.230 euroko partida dago aurten. Dirua herrian dauden 16 landa auzoen artean banatzen da, bi irizpideren arabera, erroldatutako auzotarren kopuruaren arabera eta baserri kopuruaren arabera. Badira ordea, auzoek bultzatu baina Udalaren eskumenekoak zein ardurakoak diren hainbat lan edo auzoaz gaindiko herri onura izan dezaketen egitasmoak. Auzoek egitasmo horietara bideratutako finantzazioari diru ekarpen gehigarria egiten dio Udalak, argitaratu berri den deialdiaren bidez.
22.000 euroko diru partida gorde da aurten egingo diren lanetarako. Jasotzen diren proposamenak hiru irizpideren arabera baloratuko dira: herri onuraren irismena, auzoaren kofinantzazio maila eta auzolana. Diruz lagunduko diren lanak zerrendatu ziren 2022an, dirulaguntza gehigarri hauek lehen aldiz eman zirenean: udalaren eskumenekoak eta ardurako izan arren auzoek egiten dituzten auzo-bideen garbitasun eta konponketa lanak, arekak edo hormak egonkortzeko lanak, edota trikitx-lekuak egokitzea; auzoetatik haratago herri onura duten egitasmoen artean, herri-bide edo zorbideak berreskuratzea, herritar orok erabili ditzan; herri guztiari zuzendutako ikastaro edo hitzaldien antolaketa, edota herritar guztiek erabiltzeko moduko azpiegituren berreskuratzea, izan frontoi, bolatoki, aparkaleku irekiak eta abar diruz lagunduko ditu udalak. Proposamenak aurkezteko epea zabaldik dago, maiatzaren 20ra arte.
Iazko deialdira hiru proiektu aurkeztu ziren eta bik jaso zuten udalaren laguntza: Santipillau inguruko bihurgune gaineko argindar postea mugitzeko Garagaltza auzoak egindako eskaera eta Larraingain elkarte inguruko euri-urak jaso eta bide izkina zabaltzeko Larraña auzoak egindako eskaera. Garagaltza auzoak aurkeztutako Santipillau inguruko proiektua Zañartu eta Urrexola auzoek ez ezik, udalbatzak ere babesten du. Egitasmoari bultzada garrantzitsua eman zitzaion otsaileko Osoko Bilkuran, aipatu lanak egin ahal izateko eta bide segurtasuna eta ur hornidura hobetzeko proiektu gisa aurkeztuta, onura publikotzat deklaratu eta hainbat ondasun desjabetzeko puntua onartuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!