Auzorik auzo goizean abiatu diren dantzariek Korpuzti jaien mezua zabaltzen dihardute
Hori da Kospuztiaren inguruko berritasun nagusia. Julen Kortabarriak dantzarien banda urdina utzi eta Arkaitz Bengoak jarriko du arratsaldean, goizean, lanean aritu baita.
Bestelakoan ez dago aparteko nobedaderik. Santa Ana aretoko mojak hasi dira prozesiñorako jantziko diren San Migel eta apostoluen arropa, ileorde eta bestelakoak gertatzen.
Santuak ere prest daude. Azken aste hauetan, San Jose eta San Juanen irudiak konpondu dira. San Jose, anda edo oinarritik askatu eta jausi egin zen iaz. Ondorioz, irudia apur bat kaltetu zen. Halako konponketa orokorra egin zaio, zenbait gunetan kolorea finkatu ere bai eta oinarria eta irudia behar bezala lotu dira berriro. San Juanen kasuan berriz, eskua eta oina ziren konpondu beharrekoak, hatz eta behatzen bat apurtuta baitzuen. Hori ere, Gasteizko CROMA tailerrean egin dute.
Prozesiñoarekin jarraituz eta apostoldoaren kofradiak orain urte batzuk hartutako bideari jarraituz, santuz janzten diren kofradiakideak rotatzen, aldatzen jarraituko dute. Aurten berriro ere, Fernando Diaz izango da San Migel jantziko dena eta hau gidatzeko lana duen banderaduna Imanol Arkauz izango da.
Euzko alderdi jeltzaleko zinegotziek, udal ordezkari diren aldetik prozesiñoan parte hartuko dutela jakinarazi dute prentsa ohar baten bitartez. BILDUkoek ez parte hartzeko eman dituzten arrazoiak errespetatzen dituzten arren, egokiak ez zaizkiela iruditzen jakinarazi dute, eta besteek zer egin behar duten esatea ere ez dela egokia diote. Eurek, prozesiñoan, betidanik, udal korporazioko kide gisa parte hartu dutela adierazi dute.
Baina domekara itxaron gabe, Oñatzeko dantzariak ia kalean dira. Goizeko freskura lagun 9ak pasatxo 4 dantzari talde auzo ezberdinetara bideratu dira. Dantzariak eurak dira tradizioz korpus egunaren inguruko ospakizunak badatozenaren mezulari. Aspaldiko usadioari jarraituz, korpus dantzak gaur hainbat auzotan ikusi ahal izan dituzte. Zubillagan, Zañartun, San Pedron, Garagartzan, Madalenan, Uribarrin, Murgian, Larrañan eta Olabarrietan esaterako. Arratsaldean berriz, eskoletan eta Kasablanka, San Martin eta Ugarkaldeko etxalde berrietan arituko dira. Eta bihar, dantzok herriko kaleetan eskainiko dituzte. Dantza eskaintza honen truke, Oñatzekoek, auzotarren eta kaletarren dirua jasotzeko ohiturari ere eusten diote.
Eta dantzarien santu laguntzea, apostoluen janzte prozesua eta tradizioaren inguruko argibideak emanez, bisita gidatu berezia egingo da domeka goizean 10etan turismo bulegotik abiatuta.
Korpuzti jaixak tarteko bestalde, erdiguneko kaleak tarteka itxiko dira. Bihar, arratsaldeko lasterketa korritu dadin eta domekan, prozesiño garaian ezin izango da TXAKETUANEko kruzera autoz pasa. Errepidea, Maiatzaren lehena plaza parean itxiko da eta ibilgailuak Portu kaletik bideratuko dira. Horren ondorioz baita ere, autobusa ez da Euskadi Etorbidera sartuko eta bertan dagoen geltokia, Bidaurretako errotonda ingurura aldatuko da. Hori, bihar eta etzi izango da.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!