Auzo-konposta guneak prestatzen hasi dira jada.

2013/03/12
Lehen lauak, Aste Santua aurretik erabilgarri egongo dira. Errekalde eta Olakuakoentzat kokapen berria aztertzen ari da.

  Ugalkalde 8, San Lorentzo 54, Bidebarrieta 32 parean eta Zubibarri 2 atzealdean egokituko diren auzokonposta guneak prestatzen hasi dira. Zoruan, belarrari lekua uzten dioten baldosa irekiak jartzen ari dira eta itxiturak egingo dira. Datorren astean berriz, beharrezkoak diren konpostagailuak eta material lehorra gordetzeko kutxa muntatuko dira. Okerrik ezean, egokitze lanak datorren astean bertan amaitu eta guneak erabilgarri egongo dira. Aste Santua aurretik martxan izatea espero da. Auzo-konposta egiteko lehen fase honetan Parte hartuko duten familiek dagokien formazio tailerra egin dute. Lehen asteetan gainera, prozesua koordinatuko duen ARTELATZ enpresako teknikarien laguntza eta aholkua izango dute.

  Udalak, auzo-konposta egitasmoaren lehen fase honetan beste bi eremu prestatzea aurre ikusi zuen: Olakua 17 eta Errekalde 22 eta 12 artean. Azken orduko arazoak sortu dira eta konposta gune hauentzat kokagune berria aztertzen ari dira. Hori identifikatu orduko, prestaketa lanak hasiko dira.

  Herrigunean, hartarako izena eman zuten lehen familiak auzo-konposta egiten hasteko puntuan dauden honetan, landa auzoetan ere autokonposta egiteko hitzaldi-ikastaroak hasi dira. Atzo, Arantzazun izan zen eta gaur Araotzen, baina martxoaren 26a bitartean gainontzeko auzoetako interesatuentzat izango da halako formazio tailerrik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!