Auzo-konposta guneak egokitzeko Aldundiaren dirulaguntza jasoko du Udalak

2021/07/20
Card image cap
Iturriak jarri dira 7 konpost guneetan eta Luar enpresa kontratatu da jarraipen lana egiteko

  Herriko auzo-konposta guneak berrantolatzeko lanak faseka egin ditu Udalak. Lehenik, konpostagailuak aldatu ziren, 700 litrokoen ordez 1.000 litrokoak jarri ziren, konpostatze prozesua hobetuz; erabiltzaile taldeak berrantolatu ziren eta materia egituratzailea gordetzeko kutxa txikiagoak jarri ziren, erabiltzaileentzat erosoagoak izan zitezen. 2017tik 2020 burutu zen prozesuaren ondoren, iturriak jarri ziren auzo- koposta guneetan. Gainera, Luar enpresa kontratatu zuen Udalak, auzo-konposta guneen jarraipena egiteko. Azken fase horretarako dirulaguntza onartu du Foru Aldundiak, 8.819 euro, hain zuzen ere.

  Herrian egun dauden 7 auzo-konpost guneak orain zortzi urte, 2013an, jarri ziren martxan.

  Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak 875.000 euro zituen ekonomia zirkularra bultzatzen duten jarduerak diruz babestekoa. 60 eskaera jaso ziren, tartean Oñatiko udalak aurkeztutakoa, eta baldintzak betetzen zituenez, ia 9.000 eurok dirulaguntza onartu zaio. Debagoieneko Mankomunitateak ere jaso du Foru Aldundiaren dirulaguntza, Oñati, Bergara eta Arrasateko garbiguneetan hobekuntzak egiteko, konkretuki, gailu elektriko eta elektronikoak bildu eta biltegiratzeko. Kasu honetan, 35.000 euroko dirulaguntza jasoko du Mankomunitateak, egitasmo bakoitzerako gehienez aurreikusitako kopurua, alegia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!