Auzo bideetako arekak garbitzeko kanpaina egingo du udalak neguan
Mendi bideak eta kaleak garbitzeko 7 langabetu kontratatuko ditu udalak, aldi baterako, Lanbideren diru laguntzaz. 4 lagun, auzo bideak garbitzeko pioi lanetan arituko dira, konkretuki, arekak garbitzen. Lan horiek xamurtzeko, exkabadora txiki bat alokatzea erabaki berri du udalak. Gaia, pasa den asteko gobernu batzarrean aztertu zen eta 2700 Kg-ko mini-retro bat errentan hartzea onartu zen. Horretarako Alkideba enpresak aurkeztutako aurrekontu proposamenari argi berdea eman zitzaion. Ibilgailua, 3 hilabetetarako alokatuko da, 1600 euro hileko ordainduta.
Aldi berean, Lanbideren bitartez kontratatuko diren langabetuak elkarrizketatzen aritu dira udal teknikariak. Auzo bideak garbitzeko pioi lanpostuetarako 11 lagun elkarrizketatu dira eta 17 berriz, kale garbiketa zerbitzuan pioi lanak betetzeko. Elkarrizketa guztiak astelehenean egin ziren eta egun hauetan, bakoitzak aurkeztutako agiriak aztertzen ari dira, hau da, antzerako lanetan duten esperientzia, langabezian daramaten denbora, gida baimena edota euskara ezagutza egiaztatzen duten agiriak. Meritu horiek baloratuta, hautagai bakoitzaren puntuazioa aterako da eta puntu gehien dituzten 7 lagunak kontratatzea proposatuko da. Enplegua sustatzeko planera Lanbidek zuzentzen duen diru-laguntza jasotzeko, kontratuak urte akabera baino lehen egin behar dira.
Auzo bideetako arekak garbitzeko kanpaina negu hasieran abiatu nahi du udalak. Auzo bideetako arekak garbitzeko lanok hiru hilabetetan egitea aurre-ikusten da, horretarako hartuko diren langabetuei hiru hilabeterako kontratua egingo zaie. Kontratatuko diren pioiei lagundu eta errentan hartuko den makina gidatzen, udal brigadako txoferra arituko da. .
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!