Oñatiko udala

Autobus zerbitzua hobetzeko prozesuaren hirugarren faseari ekingo zaio.

2014/03/14
Card image cap
Herritarren ekarpenak bilduz osatu den aurreproiektua aurkeztu eta kontrastatzeko bilera erronda berria egingo da. Debagoienekoa Oñatin hasiko da martxoaren 24an.

  Foru Aldundiak autobus zerbitzua berritzeko proposamena egin du 3.000tik gora herritarrek egindako ekarpenen %75 baino gehiago onartuta. Orain, berriro, 56 herritara joango da, herritarrei proposamena zer iruditzen zaien jakiteko.

  Foru Aldundiak hainbat eskualdetan autobus garraio zerbitzu berria jarri behar zuela eta hau herritarren parte hartzearekin diseinatzea erabaki zuen. Iazko urrian, parte-hartzearen lehen fasean,  herritarrekin, eragileekin eta Udalekin datuak kontrastatu ziren egoeraren diagnostikoa osatzeko. Bide batez hobekuntza proposamenak jaso ziren. 3.000 lagunetik gorak egin zuten ekarpena eta diputazio nahiz udalen balorazioa oso baikorra izan zen. Ekarpenak bileretan, autobus egunetan, webgunearen bidez edota etxeetara banatutako inkesten bidez egin ziren.

  Herritarrek egindako ekarpenen %75a baino gehiago onartu da eta horiek oinarri hartuta autobus zerbitzua hobetzeko aurre-proiektuak idatzi ditu Aldundiko talde teknikoak. Proposamen horiek herritarrekin partekatzeko unea iritsi da berriro.

  Parte-hartzearen bigarren itzuli honetan  Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei, zein aldaketa egin diren, lehen faseko zein ekarpen onartu eta zeintzuk baztertu diren eta horien zergatia azalduko zaie. Baina, horrez gain, herritarrei eta udalei iritzia emateko aukera eskainiko zaie berriro, aurreproiektuen inguruan nahi dituzten ekarpenak egiteko.  Lehenengo fasean ekarpena egin zuten guztiei bestalde proposamena helaraziko zaie eta ekarpen berriak egiteko aukera emango zaie. Ondoren, talde teknikoarekin fase honetan jasotako ekarpen eta alegazioak kontrastatuko dira.

  Debagoienan, parte hartze bilerak eskualdeko herri guztietan egingo dira martxoaren 24tik apirilaren 2a bitartean. Eta Oñatikoa, justu, lehen egunean, hilaren 24an izango da Udaletxeko Areto Nagusian.

  Debagoienari dagokionean, ordutegiak zabaldu eta langile eta ikasleen beharretara egokitzeko saioa egin da; bi linea zirkular sortu dira eskualdea lotzeko eta Urola Garaiarekin lotura bermatzeko; Bergara eta Arrasate arteko lotura areagotu da; uda sasoira begira kostaldearekin konexioak ezarri dira.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!