Autobus zerbitzua hobetzeko prozesuaren hirugarren faseari dagokion bilera irekia egingo da gaur Udaletxeko areto nagusian.
Debagoienerako hainbat proposamen berri jasotzen dira aipatu aurreproiektuan: zerbitzu nagusien ordutegia luzatzea goizago hasiz eta beranduago amaituz; Arrasateko nahiz Txagorritxuko ospitaletarako zerbitzuak areagotzea; herrietako jaietako zerbitzua bereziak jartzea; beste garraio batzuekin loturak eginez autobus zerbitzua zabaldu eta ordutegia egokitzea edota geltoki berriak egokitzea proposatzen da, besteak beste. Aipagarria da baita ere, Bergara-Oñati-Legazpi-Zumarraga-Antzuola-Bergara bi norabideko linea zirkularra osatuz, Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza eta Leintz Gatzagaraino iritsiko litzatekeen bigarren linea zirkular bat martxan jartzea proposatzen dela. Orain hilabete batzuk martxan jarri zen Oñati-San Prudentzio zerbitzuak bestalde, herriko bidaiariei Eibar, Deba, Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Loiuko aireportura doazen autobusak hartzeko aukera emango die aurrerantzean ere. Hori Debagoienerako aurreproiektuan jasota dagoena. Baina orain, herritarren iritzia eta ekarpenak jaso nahi ditu berriro diputazioak eta horretarako bide berriak proposatzen dira: bilera irekiak edota inkestak, esaterako.
Gaur arratsaldean, esan bezala, Udaletxeko areto nagusian bilera irekia egingo da orain arte egindako lana oñatiarrei azaltzeko eta aldi berean, hauekin kontrastatzeko. Bilera, arratsaldeko 6:30ean hasiko da.
Azken egunetan bestalde, herriko etxe denetara gaiari buruzko inkestak zabaldu ziren. Galdeketa beteta, inkesta orriak uzteko postontziak jarri dira udaletxeko harreran eta kiroldegian.
Udazkenean garatu zen “Herritarrekin martxan” autobus zerbitzua hobetzeko prozesu parte hartzailearen lehen fasean, 3.000 lagunetik gorak egin zuten ekarpenen bat eta %75 baino gehiago onartu ziren.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!