Oñatiko udala

Auritz Larrea Elorzak eta Jose Antonio Fernandez Patok eskuratu dituzte Aloñako igoerarako udalaren dortsalak

2026/03/24
Card image cap
31 herritarren artean egin zen zozketa, atzo arratsaldean

  Aurre-inskripzioa bete baina antolakuntzak egindako oñatiarren zozketan eta ondorengo zozketa orokorrean dortsala lortu ez zuten 31 herritarren artean egin zuten udal arduradunek bi dortsalen zozketa udaletxeko areto nagusian. 6 izen atera ziren, lehenenek dortsalari uko eginez gero ordezko korrikalarien zerrenda izateko. Eta hala behar izan da, lehenak uko egin diolako eta zerrendan hirugarren zegoenari eskaini zaiolako. Azkenean, Auritz Larrea Elorzak eta Jose Antonio Fernandez Patok onartu dituzte Aloñako igoera egiteko dortsalak. Orain hilabete izango dute herriko mendi lasterketa prestatzeko.

  Udalaren laguntza eskertuz jaso ziren aipatu bi dortsalak eta herritarren artean zozkatzea erabaki zen, aurrez, Zegama-Aizkorriko maratoiaren dortsalekin egin bezala. Gogoratu, aurrez, antolakuntzak berak egin zuen lehen zozketan 80 dortsal banatu zituela izena eman zuten oñatiarren artean. Halakorik lortu ez zuten herritarrak zozketa orokorrera pasatu ziren baina bigarren horretan ez zen oñatiarren zenbakirik atera, eta ondorioz, dortsalik gabe geratu ziren 31 herritarrek atzo egin zen hirugarren zozketan parte hartu zuten.

  XXI. Aloñako igoera apirilaren 26an jokatuko da eta, azken orduko lesio edo bajarik ez badago, 82 oñatiarrek, gutxienez, parte hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!