"Aulkiak" topaketak oso emankorrak izan direla diote udal ordezkariek

2021/12/03
Card image cap
Hainbat talde eta kolektibotako eragileak elkartu dira azken bi asteburuotan

  Azaroaren 19an, 20an eta 27an egin ziren topaketok Eltzia eraikinean. Herriko kolektibo oso anitzetako eragileek eman zuten izena eta 33 talde edo elkartetako 40 lagunek hartu zuten parte saioetan. Gai ezberdinak lantzeko hainbat dinamika gauzatu ziren, elkar ezagutu eta elkarrizketarako parada ahalbidetuz. Parte hartzaileen inplikazio handia azpimarratu dute antolatzaileek.

  Aulkiak topaketen balorazio oso positiboa egin dute Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko departamentutik. Halako zerbait antolatzen lehen aldia zutela eta nola eta zer aterako zen ez zekitela adierazi dute baina emaitzarekin oso pozik daudela azpimarratu dute. Eta parte hartu dutenek ere balorazio positiboa egin dute.

  Azken bi asteburutan gauzatutako topaketetan material ugari landu zen eta ekarpen edota iruzkin nahikotxo irten ziren, antolatzaileen hitzetan. Datozen egunotan jasotakoa aztertuko du Partaidetza eta Garapen Komunitarioko departamentuak, ondorio zehatzagoak ateratzeko. Aurkezterako jada Oñatiko talde eta elkarteen topaketa hauek hasiera izango zirela aipatu zen, beraz, Aulkiakek eman duenak hurrengo pausoak marrazten lagunduko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!