Aukeratu gabeko bakardadeari buruzko lanketa abiatu da Debagoienean

Debagoiena ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatu izeneko proiektuaren helburua da aukeratu gabeko bakardadeari erantzuna ematea. Debagoieneko Mankomunitateak hartu du egitasmoaren gidaritza eta eskualdeko herritar guztien inplikazio eta konplizitatea bilatzen da, arazoari modu bateratuan aurre egin ahal izateko.
Proiektuaren motore izango den lan taldea eratu da, eskualdeko herri guztietako ordezkari tekniko eta politikok osatuta, eta gaian adituak diren profesionalen laguntza eta gidaritza izango dute. Hainbat ekintza konkretu aurreikusten dira irailetik aurrera, baina dagoeneko, egoeraren diagnostikoan lagunduko duten elkarrizketak egiten hasi dira eta herritarrek modu anonimoan bete ditzaketen galdetegiak zabaldu dira. Oñatin, udaletxean, gizarte zerbitzuen bulegoan, osasun zentroan, Pake Leku eta Lagun Leku elkarteetan, kiroldegian eta kultur etxean eskuratu daitezke paperean inprimatutako galdetegiak eta, behin beteta, bertan utzi daitezke, ekainaren 20a bitartean. Etxeetara banatu diren esku-orrietan txertatu den QR kodea eskaneatuta ere, online bete daitekeen galdetegia zabalduko da. Galdetegi honen helburua bikoitza da, aukeratu gabeko bakardadeaz datuak jaso eta udatik aurrera martxan jarriko diren neurriak eta ekintzak dagoen behar eta errealitatera egokitzea. Proiektuak herritarren artean dagoen bakardade sentimenduari erantzun nahi dio.
Debagoieneko Mankomunitateak 147.600 euroko dirulaguntza jaso zuen Foru Aldunditik Debagoiena ehuntzen egitasmo hau garatu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!