Oñatiko udala

Aukera zuten oñatiarren ia % 36ak bozka eman zuten atzoko herri galdeketan

2016/06/06
Card image cap
Antolatzaileek, pozik, esker mezuak zabaldu dituzte herritarrak eta bolondresak zorionduz

  Erain Debagoienak antolatuta, eta Goierri, Ispaster eta Azpeitiarekin batera,  herri galdeketa egin zen atzo, Debagoiena eta Aramaion, normaltasun osoz. Erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa egin zen. 

  9.00tatik 20.00ak arte, oñatiarrek, euskal estatu independiente bateko kide izan nahi ote zuten azaltzeko aukera izan zuten eta % 35,64ak bozka eman zuen. Partaidetza datu hori, 21.00ak aurretxoan eman zen plazan, antolatzaileek egin zuten lehen agerraldian. Bolondres lanetan aritu ziren ia 200 herritarri eskerrak eman zitzaizkien, eskerrak baita ere, lokalak utzi zituzten lagunei eta eskerrak, oñatiar guztiei demokrazia ariketa horretan parte hartzeagatik. Atzo, Oñatin, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera urratsa eman zela azpimarratu zuten galdeketaren antolatzaileek eta lehen olatu honetan 34 herrik parte hartu bazuten ere, beste olatu handi bat datorrela iragarri zuten. Galdeketa egin zuten 34 herrietako partaidetza, bataz beste, % 29.5 izan zen. Kataluñan, herri kontsulten lehen olatualdian, bataz bestekoa, % 27 izan zela gogoratu zen.

  22.00ak inguruan egin zen bigarren eta azken agerraldian berriz, antolatzaileek, Debagoienako herriz herrikako datuak eta Oñatikoak azaldu zituzten. Oñatiko partaidetza, eskualdeko hiru herri nagusien arteko altuena izan zen, %35,64arekin. Bergarakoa, % 30,26 izan zen eta Arrasaten, % 23,51. Oñatin, 3371 bozka jaso ziren: 3232 baiezko, 100 ezezko, 10 zuri eta 29 baliogabeak. Oñatiko antolatzaileak pozik agertu ziren atzoko emaitzarekin. Baiezko edo ezezkoen kopuruen gainetik, partaidetza azpimarratu zuten, aurreko egun eta asteetan egin bezala. Oñatin, herri galdeketari babesa, 1900 herritar pasak eman zion baina bozka, ia 3400nek eman zuen.

  Galdeketa, lasai, normaltasunez egin zen. Irudi bitxiak utzi zituena, halakoetan gerta ohi denez: ilusio handirekin bozka ematen zuten pertsona oso nagusiak eta botoa lehen aldiz ematean laguntza eskatzen zuten 16 urteko gaztetxoak. Gurasoen bozka kutxan sartzen zuten haurrak; komentuko klausura utzita, bozkatzera hurbildu ziren Santa Anako moja taldea edota Oñatin, Euskal Herrian daudenetik, lehen aldiz bozkatu ahal izan zuten hainbat atzerritarren ilusio aurpegiak. Bozka lekura buelta bat baino gehiago egin zuenik ere izan zen atzo, nortasun agiria kadukatuta izaki, pasa den astean postaz banatu ziren hautesle errolda txartelak eskutan itzuli zirenak.

  Normaltasuna bozka lekuetan eta kalean berriz, jai giroa nagusi izan zen atzo Oñatin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!