Athlon Sintagmia enpresak jarraituko du kiroldegiko igeriketa monitore eta kiroldegi nahiz Usakoko sorosle zerbitzua betetzen

2023/02/03
Card image cap
(Arg: Noticias de Gipuzkoa)
Bi urtetarako kontratua sinatu du, beste bi urtez luzatu daitekeelarik

  Enpresa bakarra aurkeztu zen Udalak deitutako esleitze prozesura, aurrez jada zerbitzua Oñatin eskaintzen ari den Athlon Sintagmia, alegia. Bere proposamena ontzat jo zuen kontratazio mahaiak eta kontratu berria sinatuta, martxoaren 1ean sartuko da indarrean. Usako bainu gunean eta Zubikoa kiroldegian uretako kirol jarduera, salbamendu, sorospen eta lehen sorospen zerbitzuak dira Athlon Sintagmiak beteko dituena. Orain sinatu den kontratua bi urtetarako da baina beste bi urtez luzatu daitekeela jaso da.

  Aurkeztu beharreko memorian, koordinazio lanetan jardutea eta txosten teknikoa baloratu dira. Lehenean, goreneko puntuazioa eskuratu du eskaintzak eta bigarrenean, % 86a. Bereziki baloratu dira zerbitzua antolatzeko eta koordinatzeko plana, zerbitzuaren kalitate-plana, ur-inguruneko jardueren eta ekintza pedagogikoen proposamena eta komunikazioa eta dokumentu-kudeaketa. Eskaintza ekonomikoari dagokionean, berriz, goreneko puntuazioa lortu du berriro Athlon Sintagmiaren proposamenak, udalaren, lizitazio aurrekontua 26.000 eurotan merkatuta. Zerbitzuaren lehen urtea 195.494 eurotan egiteko proposamena aurkeztu du. Diru horren truke, Zubikoako igerilekuan, salbamendu, sorospen eta lehen sorospena eskaintzen 3.010 ordu beteko dira eta uretan fitness-jarduerak eta igeriketa ikastaroak ematen beste 2.015 ordu. Usakon berriz, salbamendu, sorospen eta lehen sorospen zerbitzua beteko da udako 854 ordutan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!