Athlon enpresak udako sorosleak kontratatu nahi ditu
Sorosle lan poltsa osatzeko deialdia kaleratu du Athlon enpresak. Oñatin bezala, Gipuzkoa zein Bizkaiko kirol instalazio ezberdinetan dituen zerbitzu kontratuei erantzun ahal izateko sorosleak behar ditu udarako, urtean zehar lan egiten dutenek oporrak hartzen baitituzte. Uda-denboraldian sorosle lanetan aritu nahi dutenei kurrikuluma bidaltzea eskatzen zaie; dokumentuan, titulazio akademikoa, sorosle gisa duten esperientzia, inoiz Athlonen lan egin duten eta aukeran luketen egutegia eta ordutegia zehaztea eskatzen da, izen-abizenak, jaiotze-data eta harremanetarako telefono zenbakia ematearekin batera. Lan poltsaren deialdia egiten duen iragarkian QR bat txertatu da eta hori eskaneatuta zabaltzen den formularioa beteta ere izena eman daiteke, formularioari, kurrikuluma erantsita. Galdetegian, zein herritan lan egin nahiko litzatekeen adieraztea ere eskatzen du enpresak, eta 9 herrien izenak aipatzen dira: Aretxabaleta, Bermeo, Elorrio, Elgoibar, Ermua, Eskoriatza, Lazkao, Legazpi eta Oñati.
Oñatin, Zubikoako igerilekuko eta Usakoko sorosle zerbitzua betetzen du Athlon enpresak, Udalarekin iaz sinatu zuen kontratuaren babesean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!