Oñatiko udala

Ate irekiak, bisitak eta elkarrizketa pertsonalizatuak egiten ari dira herriko ikastetxeek

2026/02/02
Card image cap
(Arg: BERRIA)
Zabalik dago 2026-2027 ikasturterako aurre-matrikula epea, otsailaren 13ra arte

  Hezkuntza Sailak guar ireki du datorren ikasturte berrirako aurre-matrikula epea, HH 2 mailatik hasi eta DBH 4. mailara arte. Ekintza gehienak eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoen gurasoei zuzenduta daude, besteek, normalean, ikasketak hasitako zentroan edo hezkuntza ereduan jarraitzen baitute. Herriko ikastetxe guztietan elkarrizketa eta bisita pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen zaie gurasoei, aurrez, ikastetxera deitu eta hitzordua eskatuta. Ate-ireki jardun orokorrak eta bestelako ekintzak egin dira aurreko egunetan, ikastetxeen dinamika eta espazioak ezagutu nahi izan dituztenentzat. Eta asteazkenean, otsailaren 4an, Oñati institutuko ateak irekiko dira, ikasle zein gurasoentzat; 18:00etan, irekiko dituzte Zuazola institutuko ateak eta gaztetxoei institutuko ikasleek egingo diete harrera, gurasoei, berriz, zuzendaritza taldeko ordezkariek.

  2026-2027 ikasturterako aurre-matrikula epea otsailaren 13ra arte luzatuko da. Bi bide daude tramitea betetzeko: aurrez aurre, herriko ikastetxeetan izen-emate inprimakia jaso, bete, eta eskatutako agiriekin ikastetxean bertan utziz, edo online, Hezkuntza Sailaren Ikasgunea ataritik. Eskatzaileen zerrendak martxoaren 4an argitaratuko dira, onarpen prozesuari hasiera emanez, eta behin behineko zerrendak 20 egun beranduago, martxoaren 24an kaleratuko dira. Erreklamazioak egiteko epea irekiko da eta plazen behin betiko esleipenaren zerrendak apirilaren 21an argitaratuko dira. 

  Bi urteko haurrak dira nagusiki ikasturte berrian eskolaratuko direnak; Oñatin 71 haur jaio ziren 2024an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!