Astelehenean sinatuko da Araozko eskola ostatu bihurtzeko lanen kontratua
Bi enpresa aurkeztu ziren lanak esleitzeko udalak martxan jarri zuen Publizitaterik Gabeko Prozedura Negoziatura eta puntuazio altuena lortuta, lanak Eco-silma SLri esleitzeko proposamena egin zuen Kontratazio Mahaiak. Aipatu puntuazioan aurrekontuak zuen pisurik handiena, lortu zitezkeen 100 puntutik 75 ematen zituelako, baina kasu honetan, aurkeztutako lanen plangintza eta eraikuntza memoria erabakigarriak izan dira. Eco-silmak aurrekontu handiena aurkeztu zuen, baina alde horretatik lortu ez zituen puntuak lanaren memoria txostenaren balorazioan eskuratu zituen eta bereziki obraren plangintzan. Ondorioz, lanak Eco-silma enpresari esleitzea erabaki du udalak.
Beharrezkoa den dokumentazio osagarria eta behin betiko fidantza ordainduta, uztailaren 22an, astelehenean sinatuko da esleipen kontratua. Udalak zehaztutako aurrekontua eta epeak murriztu ditu Eco-silmak bere eskaintzan. 1.700 euro merkatuta 245.000 euroren truke egingo ditu, bost hilabete eta erdiko epean.
Araotzeko eskola ostatu gisa egokitzeko lanen lehen fasea egingo da orain. Hau da, eraikinaren kanpoko urbanizazio lanak, eraikinaren inguratzaile osoaren isolamendu lanak, tarteko solairu berria eraiki eta eskailerak egitea, barruko banaketak egin eta beheko solairua eraiki eta birgaitu beharko dira. Beti ere, Koldo Etxegarai arkitektoak idatzitako exekuzio proiektua oinarri delarik.
Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko proiektu honen finantzaketa hiru oinen gain osatu da: Eusko Jaurlaritza, Araotzeko auzoa eta Udala. Jaurlaritzaren Landa Eremuak Sustatu eta Garatzeko dirulaguntzen ataletik 147.000 euro agindu ziren eta udalak eta auzoak, 91.000na euro jarriko dituzte.
Pasa den urtarrileko Osoko Bilkuran udala eta Araotzeko auzoaren arteko hitzarmena onartu zen eta horren arabera, eraikina 10 urtetarako lagako zaio udalari, epe horretan, udalaren ardurapean geratuko direlarik ostatuaren ustiaketa eta mantenua.
Neguan abian jarri zen esleipen prozedura bertan behera utzi zen eskaintzarik ez zelako jaso. Baina bigarren deialdian bai eta Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lehen faseari dagozkion lanen kontratua, astelehenean sinatuko da. Gauzak ondo, Eco-silmako langileak, abuztuan bertan hasiko dira Araotzen lanean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!