Astelehenean hasiko da Partaidetzazko Aurrekontuen bozka fasea
2026 eta 2027 urteetako udal aurrekontuetan 600.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko partaidetza prozesua azken fasera iritsi da, bozkatzeko fasera. Datorren astelehenean, urtarrilaren 12an hasi eta 30era arte 16 urtetik gorako herritar orok izango du bozka emateko aukera, bai online, udal webgunearen bidez, zein aurrez aurre, etxeetara banatzen ari diren esku-orria bete eta hainbat tokitan jarriko diren postontzietan utzita. Proposamenak egiteko fasean bezala, informazio puntuak jarriko dira faseak iraungo dituen hiru asteetan zehar herriko hainbat lekutan, eta laguntza pertsonala ere emango zaie bozka-orria betetzeko zailtasunak dutenei, aurrez, udaletxera deitu eta hitzordua eskatuta (943 78 04 11/688 679 460). Bozka-orriak ontzat eman daitezen 7 proposamen aukeratu beharko dira nahitaez, gehiago edo gutxiago markatuz gero bozkak baliorik gabe utziko dira.
23 proposamen dira bozka fasera iritsi direnak. Eskatzen duten aurrekontuaren arabera hiru multzotan bildu dira: txikiak 10.000 eta 50.000 euro artekoakdira, hamar; ertainak, zortzi, 50.000 eta 110.000 euro artekoak eta handiak, berriz, bost, 150.000 eta 225.000 euro artekoak. Zakarrontzi gehiago jartzea, bankuak jarri edo egokitzea, Bidaurretako berdegunea aisialdi eta atsedenerako gune bihurtzea, Bidaurretako zuzengunean aterpea jartzea, kiroldegiko kanpoko patioan entrenamendu funtzionalerako prestatzea, Ibarrako aisialdi eremuan parrila gunea jartzea, Santa Anako patineteen aparkalekua estaltzea, Otadui pasealekuan oinezkoentzako arrapalak egokitzea, bizikleta aparkalekuak jartzea, bizikletak garbitu eta konpontzeko gunea berritu eta beste bat jartzea dira aurrekontu txikia eskatzen duten 10 proposamenak.
Ertainak, berriz, San Anton kalearen oinezko lotura hobetzea, Kurtzekuan jolas parkea egitea, parrokiatik postetxerainoko erreka kontrako ibilbidearen irisgarritasuna hobetzea, atez ateko hondakinak uzteko zintzilikarioak babesteko panelak jartzea, hilerri inguruan komun publikoa egitea, Errekalde auzoan ere komun publikoa jartzea, kiroldegi aurrealdeko jolas-parkea berritzea eta herriguneko sei iturri historikoak eraberritzea. Aurrekontu handiena eskatzen duten bost proiektuak bestalde dira: plazako komun publikoak berritzea, herrigunean zehar zuhaitzak landatzea, hilerri barruko irisgarritasuna hobetzea, plazako adokinak konpondu euri uren saretek eragindako koskak ezabatuz eta autobus geltokietan autobusaren eta espaloiaren arteko tartea irisgarriagoa egitea.
23 proposamenen artean gustukoenak diren zazpi markatuz bete behar dira bozka-orriak baliozkoak izan daitezen. Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak aurtengo eta datorren urteko aurrekontuetan txertatuko dira, egitasmo honetarako gorde diren 600.000 euroak agortu arte.
Irailean abiatuko zen prozesuan 411 proposamen jaso ziren eta galbahe ezberdinetatik pasa dira: errepikatutakoak kendu, udal eskumenekoak ez zirenak baztertu, herritarrek markatutako lehentasunen arabera baloratu eta proposamenen bideragarritasun teknikoa ikusi da. Bozkatze faserako 23 proposamen geratu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!