Astelehenean egingo dute urteko lehen elkarretaratzea pentsionistek, Gabonetako etenaren ondoren
Urtarrilaren 12an, Foruen enparantzan eta 12:00etan, asteleheneroko elkarretaratzeei berrekingo diete herriko pentsiodunek, Gabonetako etena atzean utzita. 2025a amaitu zuten bezala hasiko dute 2026a, gutxieneko pentsioak eta profesioen arteko gutxieneko soldata parekatu daitezela eskatuz, eta horretarako erabakia Madrilgo gobernuak hartu bitartean, Eusko Jaurlaritzak parekatze hori gauzatuko duen osagarria jarri dezala aldarrikatuz. Eskaera Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zedin 145.000 sinadura pasa bildu eta aurkeztu zituzten pentsionistek, Herri Ekimen Legegileen bidea jorratu asmoz. Baina eskaera atzera bota eta ez zen tramitatu. Erabakia salatuz manifestazioa egin zen abenduaren 18an Gasteizen eta astelehenean Euskal Herriko plazetan salatuko da berriro.
Pentsionisten asteleheneroko elkarretaratzeek zortzi urte beteko dituzte egun gutxi barru. Guztia 2018ko urtarrilean hasi zen, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak bidalitako gutunei erantzuteko bapateko ekintza moduan. Pentsioak % 0,25 jasoko zirela jakinarazi zitzaien jubilatu eta pentsiodunei lotsagarritzat jo ziren gutunen bidez. Eskutitzak batu eta rehusado hitza idatzita Madrilera itzultzeko mugimendua sortu zen. Oñatin, 545 gutun bueltatu ziren. Horren haritik astelehenero elkartzen hasi ziren pentsionistak eta horretan jarraitzen dute zortzi urteren ondoren eta tartean, pandemia bat pasata. Covid-19ak, hain zuzen ere, garrantzi handiagoa eman zion osasun eta zaintza sistema publikoaren aldeko aldarrikapenari. Horrekin batera, pentsio duinen eskaera egin da, hasieratik. Zortzi urte hauetan hainbat gauza lortu dituzte, garrantzitsuena, seguruenetik, pentsiodunen indarra eta euren eskaerak kontutan har daitezen presio talde direla agerian uztea.
Gabonetako etenaren ondoren astelehenean itzuliko da plaza nagusira pentsionisten eguerdiko elkarretaratzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!