Astelehenean amaitzen da Oñatiko bake epaile edo ordezko izateko izen emate epea
Bake epaile kargua lau urtean behin berritzen da. Orain arte horren ardura izan duen herritarra, Mª Carmen Telleria Rodriguez, 2011. urte amaieran izendatu zen eta ondorioz, bake epaile berria aukeratzeko prozesua abian jarri zen azaroko Osoko bilkuran hala erabakita.
Bake epaile izateko, printzipioz ez da aparteko baldintzarik bete behar. Oñatin bizi den 18 urtez gorako edonor izan baitaiteke bake epaile. Herritarren euskara erabilpen maila altua kontutan hartuz, ahoz zein idatziz euskara menperatu behar du Oñatiko bake epaileak. Zuzenbideari buruzko ezagutza izatea baloratzen da baina aldi berean, arlo honetan lanean jarduteak hautagaia prozesutik kanpo uzten du automatikoki. Izan ere, abokatu eta prokuradore lanetan dihardutenek ezin dute bake epaile izan, ezta, aholkularitza juridiko lanetan dihardutenek ere. Kargu politiko edo sindikala dutenak eta administrazioko funtzionario edo langile direnak ere, hautaketa prozesutik kanpora geratuko dira. Ezintasun hauek gaindituta, Oñatin ohiko etxebizitza duen 18 urtez gorako edonor izan daiteke bake epaile.
Zuzenbidean lizentziatua izatea eta langabezian egotea baloratuko dira, baina hautaketarako irizpide nagusia, izena ematen duten lagunekin egingo den elkarrizketa pertsonala da. Orain arte, lagun bakarraren eskaera jaso da Udal Bulegoetan, baina hartarako epea, astelehenean amaitzen da.
Bake epailearen figura berezia da; herri mailako auzi txikietan parte hartzen du eta erregistro tramiteak egin eta egiaztatzen ditu, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!