Oñatiko udala

ASTEKLIMA Euskadiko klima eta energiaren astea aurkeztu da Natur Eskolan

2022/09/23
Card image cap
Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartuko dute

  Klima aldaketaren aurka ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da premisa du Asteklimak. Gaurtik urriaren 2ra arte luzatuko da eta energia eta klima-trantsizioaren erronka herritarren agendan txertatzea du helburu. Natur eskolan egin da aurkezpena, eguerdian, bertan gauzatu den tokiko ekoberrikuntza klimatikoko lana balorean jarriz. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantza Tapiak, Oñatiko alkate Izaro Elorzak, Ihobeko zuzendari Alexander Botok eta EEE-EVEko zuzendari Iñigo Ansolak parte hartu dute.

  Klima eta energiaren astearen hirugarren edizioa da aurtengoa eta 200jarduera inguru antolatu dira: gidatze eraginkorrerako ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, hondartza-garbiketa irteerak, bisita gidatuak… Zenbait ekintza herritarrei zuzenduta daude eta beste batzuk administrazio publikoetako langile eta hautetsiei, garatu diren hainbat esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Aipagarria da, Asteklimaren baitan Oñatin Natur Eskola bera eta Oñatiko Ur Jauziak ezagutzeko bisita bereziak antolatu direla astearterako.

  Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeei babesa eta laguntza emateko sustatuko duen programa baten berri eman du Tapia sailburuak Natur Eskolan. Energia eta klima-trantsizioko prozesua bizkortu nahi da programa honen bidez, eta dagoeneko pilotajea egiten ari dira Sondika, Laudio eta Tolosan. Laguntza-teknikariak sortu eta prestatzea eta klima aldaketaren eta energiaren arloko zerbitzu eta tresnen karta bat eskaintzea du helburu nagusi programak.

  Era berean, eta gazteei zuzenduta bereziki, KLIMAMETRAJE klima aldaketari buruzko film laburren lehiaketa abiatu da. Helburu bikoitza du: euskal gazteek klima aldaketak Euskadin dituen afekzioei buruz duten ikuspegia ezagutaraztea eta Euskadiko herritarrak mobilizatzea. Lehiaketa 18-30 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta 30-90 segundoko iraupena duten bideoak aurkeztean datza. Bi kategoria berezitu dira: klima aldaketak Euskadin dituen inpaktuak agertzen dituzten lanak, batetik, eta klima ekintza bultzatzeko soluzioak, ekimenak edo tresnak proposatzen dituztenak, bestetik. Lanak aurkezteko epea azaroaren 18an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!