Asteburua nahasia izan da intzidentzien atalean
Larunbat gaua bereziki gatazkatsua izan zen gurean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Lehenik, 1:10 inguruan, alarmen zentraletik abisua jaso zuten Zubillagako Mecapal enpresan pertsona bat sartu zela jakinaraziz. Sarrerako ate bat zabalik zegoela ikusi zuten kamerei esker baina arduradunarekin harremanetan jarri ezinda, Ertzaintzari laguntza eskatu zioten. Ertzainak bertaratu zirenean, leiho bat apurtuta topatu zuten baina lantegia hutsik, eta dirudienez, zabalik utzitako atetik irten zen kameretan ikusitako pertsona. Ingurua miatu ondoren aztarna biologiko batzuk topatu eta hartu zituzten.
1:50etan, berriz, kale Zaharreko bizilagun batek deitu zuen, Ongi hotelaren parean hainbat lagun borrokan ari zirela jakinaraziz. Abisua eman zuen auzotarraren arabera, kamisetarik gabe zegoen gizonezko bat molestatzen eta jendearekin sartzen ari zen eta azkenean borroka, borroka jendetsua sortu zen. Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu ziren eta kamisetarik gabeko gizonezkoa zaurituta zegoela ikusi zuten: ezkerreko hankan, sorbaldan eta eskumako masailalboan zauriak zituen eta anbulantzia bat eskatu zen artatu zezaten. Dokumentaziorik ez zeraman, Ertzaintzaren parteak zehazten duenez.
Guzti hori zapatutik domekarako gauean gertatu zen baina zapatu goizean lapurreta eta lapurreta ahalegin bana salatu ziren udaltzaingoan, bi kasuetan, besarkada solidarioa deritzona erabiliz. Halako lehen abisua Kasablankatik jaso zuten, emakume bat besarkada solidarioa erabiliz lapurretan saiatu zela jakinaraziz. Lapurra emakumea, altua eta argala zela zehaztu zuen salatzaileak. Udaltzainak herrian barrena ibili ziren pertsona horren bila baina ez zuten aurkitu eta handik minutu gutxira Lope Agirre kaletik zebilen emakumezko bati urrezko katea lapurtu zioteneko abisu berria jaso zuten. Lapurraren deskribapena bat zetorren Kasablankan ikusitakoarekin.
Ezezagunen bat besarkatzera badatorkigu oihu egin eta ingurukoen arreta deitzea gomendatzen da udaltzaingotik, hurbiltzeko ahalegina egiten duen pertsonarengandik aldentzearekin batera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!