Oñatiko udala

Asteartean ireki asmo dute Eltzia taberna

2025/12/12
Card image cap
Gabonen ondoren lauzpabost egunez itxiko da hainbat egokitze lan egiteko

  Orain egun gutxi sinatu da Eltzia tabernako kudeatzaile berrien eta udal ordezkarien arteko kontratua. Miguel Angel Santos Juarezek eta Josu Aiastui Agirrek hartu dute Eltzia taberna. Asteartean, hilaren 16an, ireki asmo dutela azaldu digute baina behin behinean irekiko dute, Gabonen ondoren, lauzpabost egunez berriro itxiko baitute, egokitze lan batzuk egiteko. Gremio ezberdinekin berba egiten ari dira, bata bestearen atzetik sartu eta lanak segidan eta ahalik eta eperik laburrenean egiteko. Itxiera horretarako datak ere lotzen ari dira, urtarrilaren 12tik 15era izan liteke, baina guztiz konfirmatu gabe, oraindik. Egunak hurbildu ahala  jakinaraziko dute.

  Uztailetik itxita dago Eltzia taberna-kafetegia eta lehenbailehen irekitzea garrantzitsutzat jo dute kudeatzaile berriek, Eltziako erabiltzaileek eta inguruko hainbat bizilagunek hala adierazita. Jakina da, bestalde, Gabon garaia ona dela ostalaritza arloko negozioetarako eta hori ere aprobetxatu nahi dute. Egun hauetan lokala txukuntzen eta hornitzen ari dira, ondo bidean, asteartean irekitzeko. Lokala egunero zabalduko da, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik aurrera; ostiral, larunbat eta igandetan, gainera, ordutegi jarraia izango du eta ez da eguerdian itxiko. Hori da Udalak deitu zuen esleipen prozesura aurkeztu zuten ordutegi proposamena baina, beharraren arabera, luzatzeko aukera badagoela aurreratu dute. Ireki eta martxa hartu ahalaz zehazten joango diren xehetasunak dira.

  Eltzia taberna-kafetegia kudeatu eta ustiatzeko zerbitzu emakidara bi proposamen aurkeztu ziren eta Santos eta Aiastuirenak puntuazio altuagoa lortu du, memoria txostenaren eta eskaintza ekonomikoaren balorazioetan. 500€ (+BEZ) ordainduko dute hileko errenta kontzeptuan eta bi urteko kontratua sinatu dute, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!