Artile bilketa sistema aldatu egin da aurten
Urtero egin ohi den artile bilketa kanpaina prest du Landaola elkarteak, Foru Aldundiarekin elkarlanean. Bilketa eskualdeka egingo da aurten ere, eta Oñatira, ekainaren 30ean egorriko dira, baina bilketa sistema aldatuko da eta artilea identifikatutako saka berezietan egingo da. Horregatik, aurrez izena eman behar da, martxoaren 13a bitartean. Izen-ematea Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena eta Landa Inguruneko Departamentuko Lurralde Oreka Berdea zerbitzuan zentralizatuko da. Bertara telefonoz deituz (943 112 173) edo mezu elektronikoa bidaliz (lurraldeoreka@gipuzkoa.eus) egin behar da izen-ematea. Beste berritasuna, zerbitzuaren doakotasuna da. Azken urteetan artzain eta baserritarrek tasa bat ordaindu behar izan dute artile bilketa zerbitzua erabiltzeagatik. Aurten zerbitzua doan izango da. Jasoko den artileak garbi eta siku egon beharko du eta identifikatuta egongo diren saka berezietan jasoko da. Izena ematen dutenei sakak banatuko zaizkie bilketa egunaren aurretik.
Bilketa, eskualdeka antolatu du Landaola elkarteak, hasi, Idiazabalen hasiko da, ekainaren 29an eta hurrengo egunean, ekainaren 30ean, Oñatin egingo da, Urrutxuko ekarpen gunearen ondoan, aurreko urteetan bezala. Ondorengo egunetan Azpeitian, Elgoibarren, Asteasun, Oiartzunen eta Berastegin egingo dira bilketak.
Egoera asko aldatu da azken urteetan eta artilea ustiategiko errentan diru sarrera izatetik, hondakin gisa kudeatu eta hauek kudeatzeko ordaindu behar izatera pasa da. Animalietatik eratorritako hondakina izanik, Sandach3 sailkapena jasotzen du Europako arautegiaren arabera, hau da, gizakiontzako arrisku gutxieneko gai modura sailkatzen da. Baina tratamendu posibleak ez dira nola nahikoak, eta hauek kudeatzeko baimen berezia izan behar da. Lurgintzarekin elkar lanean, Gipuzkoa osoko artile bilketa antolatua eskaintzen da eta batutako artilea konpostatzera eramaten da Artaxoara. Aldi berean, artilearen balorizazio eta merkaturatze irtenbide berriak garatzen ari da, Landaola, Landa Garapen elkarteen federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lehen sektoreko hainbat eragilek osatutako lantaldea. Baina oraingoz ez da alternatibarik topatu eta 2026rako antolatu den artile bilketa kanpaina iragarri da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!