Arte udalekuetan eta Uda kanpainan begirale izateko hautagaien zerrendak argitaratu dira
Astean udaleku irekietako begirale gaiekin egin bezala, atzo argitaratu ziren arte udalekuetan eta uda kanpainan begirale izateko izena eman eta onartu eta baztertuen zerrendak, eta onartu direnen merituen puntuazioa. Guztiak behin behinekoak dira. Erreklamazioetarako epea gaur ireki da maiatzaren 14ra arte.
Arte udalekuetan begirale izateko 12 lagun aurkeztu ziren baina bat baztertu egin da ez duelako eskatutako titulaziorik. Onartu direnetatik batek ere ez du euskara maila egiaztatu eta horretarako azterketa idatzia izango du astelehenean, maiatzak 11, 14:30etan, Gaztelekuan. Arte udalekuetan begirale aritzeko 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila eskatzen da, EGA edo C1 maila. Aipatu zerrendak udaleko web atarian argitaratu ziren atzo eguerdian.
Udako kirol kanpainan begirale izateko 34 eskaera jaso ziren, 22 kirol zerbitzu orokorretarako eta 12 kirol zerbitzu espezifikoetarako. Lehenen artean 13 onartu dira eta 9 baztertu, eskaera orria falta dutelako, eskatutako euskara maila egiaztatu ez dutelako edo parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituztelako. Espezifikoetan, berriz, hautagai bat baztertu da, baldintzak ez betetzeagatik. Eskalada eta patinak dira kirol espezifiko moduan hartu eta begiraleentzat baldintza bereziak dituztenak.
Maiatzaren 14an beteko da erreklamazioak aurkezteko epea eta horren arabera onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira eta kontrataziorako proposamenak egingo dira. Udako aisialdi ekintza hauek ekainaren 29tik uztailaren 24ra egingo dira eta aurrez, begiraleek prestaketa saioetan parte hartu beharko dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!