Arropa eta higiene materialez osatutako banakako 150 kit berezi prestatu ditu Hotz Oñati taldeak Aita Mari ontzirako
Bi hilabete eman ditu Aita Mari ontziak Atenasko ontziola batean mantentze lanak egiten. Asteartean berriro itsasoratuko da, laugarren giza- misioari hasiera emanez. Itsasora itzuliko da Mediterraneoan noraezean dauden lagunak erreskatatu eta portu seguruetara eramateko helburuz. Laguntza egitasmo horretan Oñatitik bidalitako materiala izango dute.
Hotz Oñati taldeak arropa eta higiene beharrak betetzeko banakako kitak prestatu ditu. Txandala, kamiseta, barruko arropa, eskuoihal edo toalla, edalontzia eta zerealezko barritak dira banakako poltsetan prestatu dituztenak, 150 guztira. Horiek itsasoan erreskatatutako pertsonei emango dizkiete Aita Mariko arduradunek, lagun horien duintasuna hobetzeko asmoz. Materiala gaur bertan kargatu eta bidali da Atenasera, han ontziratu eta astearterako gertu izateko.
Hotz Oñati taldekoek dirua prest zuten Aita Mariko arduradunei emateko. Baina aurreko misioan erreskatatutako pertsonak dutxatu ondoren janzteko arropa aldagarririk ez zutela jakinik, halako banakako poltsak prestatzea erabaki zuten. Material guztia berria da eta hartarako propio eskuratutakoa. Banakako poltsa horietan helduentzako arropa prestatu da, unisex. Itsasontzian lekua mugatua dela kontuan hartu da. Gerta liteke Aita Marik erreskatatuko dituen pertsonen artean haurren bat egotea, horren oinarrizko beharrak betetzeko aldagai batzuk ba omen dituzte itsasontzian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!