Arropa eta ehunkien azoka Santa Marina plazan izango da datozen bi larunbatetan

Plaza ondoko pilotalekua eta jolasgunea okupatuta egongo dira datozen bi asteburutan, barrakak diela eta. Ondorioz, arropa eta ehunkien saltzaileei postuak Santa Marinan jartzeko aukera eman zaie. Urteko bi jaiegun nagusietan aldatu ohi da ehunkien azoka Santa Marinara, Korpus eta San Migel jaietan barrakak datozenean. Aurten, San Migeletan, barrakak Olaitturrin kokatuko dira plaza ondoko gunea birmoldatzeko lanak tarteko. Ordurako ere behin behineko lekua topatu beharko zaio larunbateko arropen azokari. Baina oraingoz, datozen bi asterako, ekainaren 14 eta 21rako leku-aldaketa zehaztu da.
Pasa den zapatuan jakinarazi zitzaien arropa saltzaileei Santa Marinara joan beharko dutela. Plaza ondoan ez bada postua beste nonbait jartzeko aukera izatea eskertzen dute astero gurera etorri ohi diren saltzaileek, nahiz eta jakin badakiten erosleak despistatu xamar ibili daitezkeela eta zenbait ez direla Santa Marinaraino iritsiko. Baina Oñatiko larunbatetako hitzordua hartuta dute eta bete egingo dute, leku ezberdinean bada ere.
Gogoan hartu beraz, datozen bi larunbatean, Santa Marina plazan muntatuko direla arropa eta zapata postuak. Elikagaien azokak ez du aldaketarik izango eta merkatu plazan egingo da, ohikoa denez.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!