Arratsaldean erabilgarri egongo da Kirriñeko kantoian jarri den iturria

2017/04/07
Card image cap
Portalekutik kendu zen iturria jarri da astean Kirriñeko kantoian

  Ez da XIX. mendean akaberan jarri zen jatorrizko iturria baina bere historiatxoa ere badu Portalekukoak. Harri eta burdinezko iturria Atxaga bizartegi alboan urteetan egon zen baina Triana inguruko berrurbanizazio lanak egin eta Aozaraza kaleko 37.a berreraiki zenean kendu egin zen. Iturria, Jabier Bikuña harginak gorde zuen Goribar Goiti baserrian eta bertatik berreskuratu da Kirriñeko kantoian jartzeko. Udal brigadako langileek astean egin dituzte ur hornidura azpiegitura eta bestelako muntaketa lanak. Atzo bukatu zuten iturria kokatzen eta masa lehortu zain daude ura emateko. Arratsaldean emango dela jakinarazi digu brigada buruak eta ondorioz, arratsaldetik aurrera erabilgarri egongo da Kirriñeko kantoian jarri den iturria.

  Orain urte batzuk dela kendu zen ur hartunea berreskuratu du Kirriñeko kantoiak. XIX. mendearen amaieran, etxeetan ur hornidurarik ez zegoenean, herritarren zerbitzurako jarri ziren 8 iturri publikoetako bat izan zen Kirriñekoa. Jatorrizkoa aspaldi kendu zen baina Portalekukoa bertan jarrita ur hartune izaera hori berreskuratu du kantoiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!