Oñatiko udala

Arratsalde-ilunkaran piztuko da Gabonetako argiteria

2022/12/12
Card image cap
Ordutegia mugatu da eta 22:00ak arte egongo da lanegunetan, gauerdira arte ostiral eta asteburutan

  Maykolux enpresa arduratu da herriko kale nagusiak eta beste zenbait txoko Gabonetako argiz apaintzeaz. Kaleetako lehen apaingarriak orain aste batzuk jarri ziren eta azken egunotan, elementu bereziak argiz hornitu dira: Bidaurretako zuhaitza eta Kalegoienako eta Unibertsitate etorbideko biribilguneak. Baina guztia prest dago Gabonetako apaingarri horiek argitzeko. Arratsalde-ilunkaran izango da, kaleko argiteria pizten den une berean.

  Baina apaingarriok aurreko urteetan baino lehen itzaliko dira, jasangarritasun eta kontzientziazio neurri gisa. Lanegunetan 22:00etan itxungiko dira eta ostiral eta asteburutan, gauerdian. Gaur piztuko diren Gabonetako argi apaingarriak urtarrilaren 6ra arte mantenduko dira.

  Kaleak ez ezik, herriko 25 saltokitako erakusleihoak ere bereziki apainduta daude, Oñatiko XV. erakusleiho lehiaketan parte hartzen ari direlako. Baldintzak betez, gaur hasi eta abenduaren 31ra arte hala mantendu beharko dira. Ondorioz, Herritarren eta Haurren sarirako botoak ematen hasi daitezke jada.

  Herritarren sarirako bozka telematikoki eman daiteke soilik, udaleko web atarian sartuta. 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek berriz, Kontzejupetik aldizkarian agertzen diren botu-paperak beteta Ludotekan edo Gaztelekuan jarri diren hautestontzietan sartu ahal izango dituzte. Herritarren eta haurren boto gehien lortzen dituzten erakusleihoek 500 euroko sari bana jasoko dute. Eta botoa ematen dutenen artean 100 euroko txartel bana zozkatuko da baita ere. Bi sariok eta epaimahaiak emango dituen beste hirurak abenduaren 23an, arratsaldez banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!