Oñatiko udala

ARGITZEN prozesuan parte hartzeko gonbidapen gutunak iristen hasi dira

2025/09/11
Card image cap
Debagoieneko 900 laguni parte hartzeko proposamena helarazi zaie eta onartzen dutenetatik 50ek osatuko dute Herritarren Batzarra

  Debagoienean energia trantsizioaren inguruan eman beharreko urratsak adostu eta gauzatzeko deliberazio prozesua da Argitzen. Askotariko eragile eta pertsonen inplikazioaren bidez, eskualde mailan eman behar den norabide aldaketa adosteko proposamena da. Izan ere, energia trantsizioaren baitan, herritar eta eragile orok dagozkion ardurak hartu beharko baititu. Horregatik, denen arteko hausnarketa partekatua sustatzen du Argitzen prozesuak.

  Energia eredua aldatzeko aukera ezberdinak aztertu eta noranzkoa erabakitzeko Mandatu organoa eratu zen, sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragileren partaidetzarekin, eta, orain, Herritarren batzarra osatzeari ekin zaio, zozketa bidez, eskualdeko 900 laguni prozesura batzeko gonbidapen gutunak bidaliz. Irailaren 16ra arteko epea izango dute erantzuteko eta baiezkoa ematen dutenen artean zozketa berria egingo da, Herritarren batzarra eratuko duten 50 lagunak zehazteko. Gaian aditua ez dela izan behar azpimarratzen da gonbidapen gutunetan.

  Herritarren batzarreko kideei bost lan-saioetan parte hartzeko konpromisoa eskatzen zaie. Saio horietan adituen informazioa jasoko dute, gaian kokatu eta energia trantsizioa nola egin daitekenari buruzko gutxieneko ezagutza izateko; ondoren, gogoeta edo hausnarketarako tartea etorriko da eta azkenik, gomendio sorta bat adostuko dute eta Mandatu organoari formalki aurkeztuko diote. Lan saio horiek, urriaren 18tik azaroaren 29ra arteko bost larunbatetan egingo dira, Bergaran, 9:30etatik 18:30etara.

  Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako? Hori da Herritarren batzarreko kideei planteatuko zaien galdera eta horri erantzuteko gomendio-sorta osatzea eskatuko zaie urria-azaroa bitartean.

  ARGITZEN prozesua ezagutarazi eta zalantzak argitzeko aurkezpen saioak antolatu dira, herririk herri. Oñatin datorren astelehenean, hilaren 15ean egingo da, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Bilera irekia izango da, interesa duten herritar guztientzat, baina bereziki Herritarren batzarrean parte hartzeko gonbidapen-gutuna jaso duten horientzat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!