Oñatiko udala

Argiketari ofiziala aldi baterako kontratatu nahi ditu Udalak

2025/05/13
Card image cap
Deialdia Lanbideren bitartez zabaldu du eta izen-ematea ostegunean itxiko da

  Kontratuaren iraupena zehaztu gabe, Udalak argiketari ofiziala aldi baterako kontratatu nahi duela zabaldu du Lanbideren web atarian. Lanpostura presentatu ahal izateko baldintzak lau dira oinarrian: elektrizitate arloan LHI edo pareko titulazio akademikoa, B gidabaimena, 2.HEren pareko euskara ezagutza eta instalatzaile txartela izatea. Hortik aurrera, 3. HE maila izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta lanbide esperientzia kontutan hartuko dira. Udalak lehenbailehen bete nahi du argiketari ofizial lanpostua, zerbitzuak egun duen lan pilaketari aurre egiteko. Interesa dutenek Lanbideren web ataritik egin behar dute izen-ematea, maiatzaren 15a bitartean.

  Pasa den astean kale garbiketako peoi gidari lanposturako deialdia ere kaleratu zuen Udalak, Lanbiden. Langile berria kontratatzeko premia dago eta hautaketa prozesua ahalik eta arinen egin nahi da. Hala, izena emateko epe laburra beteta, hautagaien merezimenduen puntuazioa gaur bertan argitaratu da. Kasu honetan ere, hautatutako langilea lanean lehenbailehen hasiko dela zehaztu zen deialdian.

  Uda kanpainari aurre egiteko hainbat kirol begirale ere kontratatuko ditu Udalak, aldi baterako. Horretarako deialdia martxo akaberan zabaldu zuen eta 20 lagunek eman zuten izena. Orain, onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratu du. 9 lagun onartu dira, gainontzeko 11ak berriz baztertu; eskatutako formazio akademikoa ez betetzea argudiatuta. Erreklamazioetarako epea zabalik dago. Bihar da azken eguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!