Argi Baltza bertsolari txapelketako finalean izango da Maider Arregi

Argi Baltza sariketa 2021ean abiatu zen, bi urte lehenago hil zen Jon Lopategi omentzeko asmoz eta bertsolari gazteei plaza eskaintzeko helburuz. 18 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolarik parte hartu dute, Mendatan, Ajangizen eta Gautegiz- Arteagan izan diren hiru kanporaketetan. Larunbatean, berriz, finalekoa jokatuko da Muxikako Urretxindorra herri eskolan, 18:00etan hasita.
Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartu dute, eta saio bakoitzeko irabazleak zuzenean ariko dira finalean. Beste hirurak puntuazioaren arabera sailkatu dira, seiko finala jokatuz. Maider Arregik Gautegiz-Arteagako azken kanporaketa irabazi zuen, domekan, Muxikako finalerako txartela eskuratuz, eta saio berean aritu ziren June Aiestaran eta Koldo Geruzagarekin batera arituko dira, Jon Gurrutxaga, Aitor Bizkarra eta Asier Galarza.
Lilibertso Gernika-Lumoko bertso eskolak antolatzen du Argi Baltza bertsolari gazteen sariketa. Busturialdean zein Euskal Herri mailan erreferente izan zen Jon Lopategi bertsolaria omentzeko eta bere eskualdean egin zuen lana balioan jartzeko abiatu zuten sariketa. Muxikakoak bertsolaritzaren transmisioan egindako lana indartu nahi du eskualdeko bertsozaleen taldeak. Aurtengoa bosgarren Argi Baltza sariketa da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!