Oñatiko udala

Argazki lehiaketa antolatu da 2026ko udal egutegia irudiz hornitzeko

2025/07/21
Card image cap
“Oñatiko toponimia” gaia aukeratu da

  Herri baten nortasunari eusteko garrantzitsua da arbasoek utzitako ondarea jaso eta hedatzea. Oñatik toponimia ondare handia du jasoa eta Udalaren webguneko mapa interaktiboa da horren adierazle, udalerrian jasotako ia 3.000 leku-izen kontsulta baitaitezke. Urrats berria eginez, datorren urteko udal egutegian toponimoak eta argazkiak elkarren ondoren jarriko dira, lekuak eta izendapenak ikusarazi, ezagutzera eman eta toponimoen erabilera sustatzeko.

  2026ko udal egutegia irudikatzeko oñatiarrek izendatutako lekuen, elementu geografikoen nahiz eraikuntzen argazkiak aurkeztu beharko dira, izan bide, mugarri, belardi, soro, erreka, iturburu, etxe, auzune, baserri, mendi tontor, haitz… Hilabete bakoitzeko orriak irudiak eta toponimoak lotuko dira, hau da, irudian agertzen den leku edo elementu hori bere izenarekin agertuko da. Argazkiak hautatzeko kalitate artistikoaz gain beste irizpide batzuk hartuko dira kontutan: toponimoaren berezitasuna, elementuen aniztasuna eta auzoak eta urtaroak irudikatzea.

  Koloretako nahiz zuri-beltzeko argazkiak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, berriak zein zaharrak, eta formatu apaisatutako argazki etzanak hobetsiko dira. Irabazleak 300ppp tamainan bidali beharko ditu saritutako irudiak eta argazki zaharren kasuan, paperezko originala aurkeztu ahal izango da. Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, gehienez.

  Lanak aurkezteko epea zabalik dago, urriaren 10a arte. Lanak, helbide elektronikoz bidali daitezke: euskara@onati.eus edo HAZ bulegoan utzi. Baina batera edo bestera, datu hauek eman beharko dira: izen-deiturak; NANa, telefono zenbakia, argazkian agertzen den toponimoaren izena eta deskribapen laburra eta argazkia zein hilabeteetan joango litzatekeen proposatu.

  Epaimahaia udal ordezkari batek eta argazkigintzarekin, arte edo komunikazio arloekin lotura duten pertsonek osatuko dute eta hamabi argazki aukeratuko dira, 2026ko udal egutegia ilustratzeko. Aukeratutako argazki bakoitzak 80 euroko saria izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!