Argazki jendetsua ateratzeko deia egin du Gure Eskuk, ekaineko mobilizazioa girotzeko

Herri libre bat-Euskal Herriak erabaki lelopean mobilizazio nazionala egingo du Gure Esku mugimenduak Bilbon, ekainaren 7an. Oñatiko taldeak asteak daramatza herritarrak aktibatu guran, materiala eta bertatik jarriko diren autobusetarako txartelak saltzen. Oñatin lau autobus betetzeko erronka jarri diote euren buruari. Bihar berriz, urrats berri bat emango da eta ekimenarekin bat egiten duten herritarren talde argazkia aterako da Errekaldeko jaietan, 19:45etan.
Euskal Herrian estatus politikoari buruzko eztabaida irekita dagoen honetan, herritarren parte hartzea sustatu nahi du Gure Esku-k. Politikoen agendatik haratago, gaiaz eztabaidatu eta erabakitzea jendarte osoari dagokiola aldarrikatzen du Gure eskuk, denoi eragiten digulako eta eragile sozialek eta herritarrek ekapen interesgarria egin dezaketelako Josu Etxaburu bozeramaleak adierazi berri duenez.
Burujabetza espazio berriak eskuratzeko mobilizatu eta aurrera egiteko garaia dela uste du Gure Eskuk, eta horren harira ari dira ekainaren 7ko mobilizazioa antolatzen. Ekitaldia babesteko eragile ezberdinengana hurbiltzen ari dira eta astean jakinarazi da, Euskal Herriko sindikatu nagusiek ekimenarekin bat egin dutela: ELA, LAB, Steilas; EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuak, hain zuzen ere. Bihar, oñatiarrak gonbidatuko dira ekimenera batzera eta argazkian agertzera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!