Arazerixan! 2. ginkana otsaila eta martxoan zehar egingo da

2018/01/22
Card image cap
12-16 urte bitarteko gazteekin kultur ondarearen transmisioa modu ludikoan lantzea da helburua

  2016ko udaberrian egin zen Arazerixan! ginkanaren lehen edizioa, Topagunea eta Gaztelekuko lantaldearekin elkarlanean. Helburua 12-16 adin tarteko gazteekin kultur ondarearen transmisioa modu ludikoan lantzea izan zen. Egitasmo arrakastatsua izan zen, 240 nerabek parte hartu zutelarik bost astez, proposatutako probak betetzen. Hainbatetan gainera, pertsona helduen laguntza behar izan zuten eta belaunaldien arteko harremana ere sustatu zen zeharka.

  Hezkuntza eta Gaztedia batzordeen arteko egitasmo hau bi urtetik behin gauzatzea adostu zen. Ondorioz, Arazerixan! 2.ginkana aurten otsaila eta martxoan egingo da. Otsaileko lehen bi asteetan Topaguneko ordezkariak ginkanaren aurkezpena egingo diete balizko partehartzaileei zuzenean ikastetxeetara joanda. Ginkanako lehenengo proba berriz, otsailaren 19an zintzilikatuko da hartarako propio aktibatuko den web-atarian. Izan ere, aurrekoan bezala, astebetean egin beharreko lau probetan oinarrituko baita ginkana. Proba horietan herriko ondare artistiko, linguistiko nahiz etnografikoa landu beharko dute gaztetxoek. Teknologia berrien erabileran oinarrituko da ginkana, formatua gazteen interesekoa dela ikusi baitzen aurreko aldian. Astean egin beharreko probak astelehenero zintzilikatuko dira lau astetan, eta azken jaia, martxoaren 23an, Gaztelekuan ospatuko da. Astero parte hartu duten taldeak eta puntuaziorik altuena lortu duena sarituko dira.

  Arazerixan! 2.ginkanaren antolaketa eta koordinazioa Topagunea elkarteak egingo du. Egitasmorako aurrekontua 11.900 €+BEZa izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!