Oñatiko udala

Araututako aparkalekuen udal zerbitzuaren ordenantzan hainbat aldaketa egin dira

2017/04/06
Card image cap
Aldaketa horien kontra eta herriko trafiko eta aparkamenduen inguruan hartutako erabakien aurka agertu zen EAJ Osoko Bilkuran

  Iazko iraileko Osoko Bilkuran onartutako araututako aparkalekuen ordenantzaren gain hiru aldaketa egin dira: bi artikulu osatu dira eta hirugarren artikulu bat erantsi da. Batetik, Portu kale inguruan lehen bereizten ziren bi guneak bateratu dira eta aparkatze ordutegia ere bateratu da; bestetik, guneko biztanletzat bereiztutako Kale Zaharra eta Bidebarrieta inguruko guneetan kale berriak erantsi dira: Bakardadeko Ama, Zumeltzegi eta Ramon Irizar kaleak. Azkenik, onartutako guneko biztanleen zerrendaren etorkizuneko kudeaketa zehaztuz artikulu berria txertatu da. Ondorioz, urtero, urrian, aurreko urtean onartutako guneko biztanleen zerrenda argitaratuko du udalak eta 30 eguneko epea irekiko du hurrengo urtean bertakoen txartelarekin jarraitu edo ezeztatzeko. Eskaera orria beteaz jakinarazi beharko da ezeztatze edo berritzeko asmoa.

  Osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztu ziren hiru aldaketa hauek gehiengoz onartu ziren, EH Bilduk alde bozkatu baitzuen. Baina jeltzaleek ezezkoa eman zuten, aurrez, ordenantzari berari eman zioten bezala. Bide batez, herriko trafiko eta aparkamenduen inguruan udal gobernuak hartutako erabakien aurka azaldu zen bozeramale jeltzalea. TAO gunean aparkatzeko dagoen ordubeteko mugak, erdigunean ezarritako piboteek eta Txaketuaneko itxierak zirkulazio kaosa sortu dutela salatu zuten jeltzaleek eta neurriok, oñatiarrei irisgarritasun arazoak eragin dizkietela erantsi zuten. Bide batez, udal gobernuaren erabakien herritarrengan duen eragina aintzat hartu gabe eta bereziki oñatiarrei galdetu gabe, neurriak inposatu izana salatu zuen Oñatiko EAJ taldeak. Adierazpen eta salaketa horiek martxoko Osoko Bilkuran egin zituen Lourdes Idoiaga bozeramaleak, eta prentsa-ohar bidez errepikatu ditu Oñatiko EAJk.

  Irati Etxeberria zinegotziak hartutako erabakiak mugikortasun planean aurreikusitakoa inplementatzearen ondorio direla argitu zuen, beti ere, oinezkoentzat espazio berriak eta seguruak eskuratzeko ahaleginean. Txaketuaneko bidegurutzea ixtearena berriz, hiru hilabeteko proba pilotua dela gogorarazi zuen osteguneko Osoko Bilkuran.

  Araututako aparkalekuen udal zerbitzuaren ordenantzarekiko proposatutako hiru aldaketak onartu egin ziren esan bezala, eta dokumentua herritarren eskura dago orain, alegazioak aurkezteko. Alegazioetarako epea maiatzaren 23an beteko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!