Araozko ostatuaren ustiaketa kontratua esleitzeko prozesua abiaraztea onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran

2022/05/03
Card image cap
Eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 1ean itxiko da eta instalazioak ikusteko bi bisita egun zehaztu dira, maiatzaren 13 eta 18an

  Araozko ostatua izeneko eraikineko taberna, jatetxea eta lau apartamentu turistikoen ustiaketaz arduratuko den enpresa edo lan taldea kontratatu nahi du Udalak. Azken osoko bilkuran aho batez onartu ziren baldintzetan zehazten denez, ostatuaren ustiaketa hartuko duen enpresak gutxienez bi laguneko lan-taldea aurkeztu beharko du, jangela zerbitzari bat eta sukalde arduradun bat, eta azken honek elikagaien manipulatzaile titulua izan beharko du. Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzearren gainera, beharrezkoa izango da bezeroekin harreman zuzena izango duten pertsonek euskaraz ulertu eta berba egitea, hau da, ahozko trebetasuna izatea. Horretarako, B2 gaitasun maila izatea eskatuko da.

  Araozko ostatuaren ustiapen kontratua 5 urtekoa izango da beste bost urtez luzatu daitekeelarik. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 25.000 eurotan finkatu du Udalak, baina eskainitako kanona horren gainetik egotea espero da, eta horregatik, oinarrizko aurrekontuarekiko hobekuntzak bereziki baloratuko dira. Dena den, esleipen irizpideetan beste hainbat puntu hartuko dira kontutan eta ez dirudi eskaintza ekonomikoak erabakigarriak izango direnik, 100 puntuko gehienezko balorazioan 31 emango baitute. Ostalaritzaren sektorean izandako esperientzia; tabernan, jatetxean eta apartamentuetan emango diren zerbitzuen deskribapen zehatza; negozio eredua eta diru-sarrerak lortzeko modua; marketing-plana; garbiketa eta mantentze programa; auzotarrekin, ostalaritzako beste enpresekin edo inguruko turismo erakundeekin gauzatuko liratekeen itun eta harreman sarea eta jarduketa planaren kronograma ere baloratuko da. Beraz, eskaintzetan guztia zehaztuta aurkeztu beharko dute osatuaren ustiaketan interesa duten enpresa edo partikularrek. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 1ean amaituko da.

  Instalazioak ikusteko bi bisita egun zehaztu dira, maiatzaren 13 eta 18an, 9:00tatik 12:00tara. Interesa dutenek hitzordua eskatu beharko dute udaletxera telefonoz deituz (943 780 411) eta Aitor Gerenabarrenarekin berba eginda.

  Behin esleipena eginda zerbitzuaren emakidunak 12.500 euroko behin betiko bermea jarri beharko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!