Araozko ostatua ustiatu eta kudeatzeko kontratu-esleipen berria abiarazi du Udalak
Araozko ostatua ustiatzeko kontratua bertan behera uztea eskatu zuen egungo kudeatzaileak eta irailaren 30ean etengo da. Udalak emakida berria lizitaziora ateratzea erabaki zuen azken Osoko Bilkuran eta proposamenak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 25era arte.
Aurreko lizitazioarekin alderatuta ezberdintasun esanguratsuak daude oinarri berrietan, hasteko, kontratuaren iraupena. Urtebeterako izango da eta beste bost urtez luzatu ahal izango da 2032ko irailaren 30eko mugarekin. Egun horretan Araotzeko auzoaren eskura pasako baita ostatuaren kudeaketa. Proiektu berriari bultzada emate aldera, eta udazken-negua denboraldi baxua dela kontutan hartuta, gutxieneko ustiapen kanona 50 euro/hileko izango da martxoaren 31ra arte. Apiriletik aurrera 800 euro/hileko kanona ezarriko da, orain arte bezala. Zerbitzu ordutegian ere doitze txiki bat egin da eta igande eta jaiegunetako irekiera ordutegia laburtu da, 11:00etatik 19:00ak artekoa izango beharko dela zehaztuz. Gainontzeko baldintzak 2024an egin zen aurreko deialdia finkatutako berberak dira.
Araozko ostatuaren ustiaketa hartuko duen enpresak gutxienez bi laguneko lan-taldea aurkeztu beharko du eta jangela zerbitzari bat eta sukalde arduradun bat eta azken honek elikagaien manipulatzaile titulua izan beharko du. Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzearren gainera, beharrezkoa izango da bezeroekin harreman zuzena izango duten pertsonek euskaraz ulertu eta berba egitea, hau da, ahozko trebetasuna izatea. Horretarako, B2 gaitasun maila izatea eskatuko da. Ostatuak dituen lau apartamentuak urte osoan irekita edo alokatzeko moduan egon beharko dira, beti ere, ostalariak hilabeteko oporrak hartzeko aukera izango duela kontutan hartuta. Taberna eta jatetxea berriz, astelehenetik ostegunera itxita mantendu ahal izango dira, jaiegunak ez badira edota auzoan hileta edo bestelako ekintza berezirik ez badago. Ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan irekita egon beharko dute zehaztutako ordutegian.
Kontratua esleitzeko garaian hainbat irizpide baloratuko dira: Udalak finkatu duen hileko kanona hobetzea (31 puntu), ostalaritza arloko esperientzia (20 puntu) eta jarduketa plana (49 puntu). Beraz, eskaintzetan guztia aurkeztu beharko dute ostatuaren ustiaketan interesa duten enpresa edo partikularrek. Eta horretarako irailaren 25era arteko epea dute.
Araozko ostatuak taberna, jatetxea eta lau apartamentu turistiko hartzen ditu bere baitan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!