Oñatiko udala

Araozko ostatua, hilerriaren funtzionamendua eta Palestina lorategia hizpide izango dira gaurko Osoko Bilkuran

2026/04/23
Card image cap
Hainbat dirulaguntza eta lankidetza hitzarmen ere proposatuko dira

  Lan zerrenda luzea zehaztu da astebetez aurreratu den apirileko Osoko Bilkurarako, guztira, 20 gai jaso baitira. Araozko ostatuaren zerbitzu emakida bertan behera uzteko eskaera izango da aurkeztuko den lehena. German Mirassouk eta Udalak 2024ko ekainaren 26an formalizatu zuten Araozko ostatuaren ustiapenerako kontratua. 5 urtetarako iraunaldia zuen arren, bi aldeetako edonork amaitutzat emateko aukera jasota dago, beti ere, horren berri gutxienez sei hilabete lehenago idatziz jakinarazten bada. Emakida bertan behera uzteko udaletxean aurkeztu den eskaera azalduko da gaurko bileran.

  Azken urteetako legedi eta araudietara egokitu ondoren prestatu den Hilerriaren Erregimen eta Funtzionamendurako Erregelamendua zertan den azalduko zaio udalbatzari, onartzea proposatuz. Bestalde, Kalegoienako lorategi bat Palestina lorategia izendatzearen aldeko mozioa ere aurkeztuko da. Oñati Palestinarekin taldeak sustatu duen eskaera da eta ia 900 herritarrek beraien sinaduraz babestu dutena. Herritarrak gaurko batzarrera joan daitezen deia zabaldu du Oñati Palestinarekin herri ekimenak.

  Hainbat dirulaguntza eta lankidetza hitzarmen ere proposatuko dira gaurko Osoko Bilkuran: Duruko artzain-txabolan argindar eta ur hornidura izateko hitzarmena; herrian hainbat proiektu gauzatzeko Badihardugurekin lankidetza hitzarmena eta dirulaguntza zuzena; Olaburun gela baten erabilera ahalbidetzeko Tokixan elkartearekin lankidetza hitzarmena; Oneka kooperatiba energia komunitatearekin elkarlan hitzarmena eta Artixa kultur elarteari dirulaguntza zuzena ematearen gaiak jaso dira gaurko lan zerrendan. Era berean, hiru udal langileren aldi baterako programak luzatu edo sortzea ere aurkeztuko da 18:30etan hasiko den batzarrean.

  Apirileko azken osteguna jai bezpera izango dela kontutan hartuta, astebete aurreratu da hileko Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!