Araotzeko ostatuko zerbitzuen emakida kontratatzeko prozesua abiatzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran
14 puntuko gai zerrenda zehaztu da gaur arratsaldeko Osoko Bilkurarako baina puntu asko tramitezkoak dira, alkate dekretuz bideratutako gaien berri ematea edota azken Gobernu Batzordean hartutako erabakien berri ematea, esaterako.
Aipagarria da Araotzeko ostatuko zerbitzuen emakidaren kontratazio espedientea onartu eta esleipen prozesua abiaraztea proposatuko zaiola udalbatza osatzen duten kideei. Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanak amaituta daude eta egokitu diren taberna-jatetxea eta lau apartamentu turistikoen ustiapenaz arduratuko den lan-taldea kontratatu behar da zerbitzua martxan jartzeko. Horretarako, kontratazio esleipena lehenbailehen egin nahi du Udalak, uda sasoirako ireki ahal izateko. Osoko Bilkuran emango dira kontrataziorako baldintzen inguruko xehetasunak baina, hasieran, bost urtetarako kontratua sinatu nahiko luke Udalak, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Lehenengo urterako lizitazio prezioa 25.000 eurotan finkatu du. Hori, gutxieneko prezioa izango da eta hortik gora egindako eskaintzak bereziki baloratuko dira. Bestela, lan taldearen esperientzia eta proposatutako jarduketa-plana ere kontutan hartuko dira.
Udalak musika eskolari eman ohi dion dirulaguntza jasotzen duen Jose de Azpiazu musika eskola elkartea eta Udalaren arteko hitzarmen berria ere onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Eta dirulaguntzen haritik, domekan jokatuko den Aloñako igoera mendi lansterketako antolakuntzarako eman ohi den dirulaguntza zuzenaren gaia ere aztertuko da.
18:30tan hasiko da apirileko Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!