Araotzeko ostatua, turismo tasa berriak, euskal poliziaren aldeko adierazpena eta Amaia Erostarberen kargu uztea gaurko Osoko Bilkuran
Gai asko zerrendatu dira uztaileko Osoko Bilkurarako. Horietako bik turismoarekin lotura estua dute: Araotzeko ostatuaren emakida lizitaziora ateratzea eta egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalaren irizpena. Araotzeko ostatuaren emakida bertan behera uzteko asmoa adierazi zuen egungo kudeatzaileak. Irailaren 30ean amaituko du eta bitartean beste emakida lizitazio bat abian jartzea proposatuko da arratsaldeko bilera, horretarako oinarriak onartzearekin batera. Araotzeko ostatua, taberna-denda, jatetxe eta apartamentu turistikoan kudeaketa/ustiaketa zerbitzua urtebeterako kontratatu nahi du Udalak, beste bost urtez luzatu ahal izango delarik, 2032ko irailaren 30eko mugarekin.
Araotzeko ostatuan zein herrian dauden gainontzekoetan gaua pasatzen duten turistek, berriz, egonaldi turistikoen gaineko zerga ordaindu beharko dute datorren urtetik aurrera. Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako turismo tasa herririk herri arautu behar da eta Ogasun Batzordeak proposatutakoa aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran. 2027ko Udal Ordenantza Fiskaletan jasoko den zerga horrezaz gain Ludotekako tasa baliogabetzea ere proposatuko da, zerbitzua doanekoa bihurtuz 2026-2027 ikasturtean. Xehetasunak arratsaldean azalduko dira.
Bestalde, 11 urtetan EAJren udal taldeko ordezkari eta bozeramale izan den Amaia Erostarbek gaur utziko du ofizialki zinegotzi kargua. Orain astebete iragarri zuen baina ez da bere ordezkoaren izenik jakinarazi. Era berean, EAJk adierazpen instituzionala aurkeztuko du, euskal poliziaren aldeko babesa adierazi eta haien kontrako erasoak, mehatxuak eta irainak salatu eta gaitzesteko.
Udako oporrek ekarri ohi duten etenaren aurreko azken Osoko Bilkura izango da gaurkoa. 18:30etan hasiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!