Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko bigarren faseko lanak esleitzeko puntuan daude

2020/03/11
Card image cap
Dagoeneko bertan lanean ari den enpresak lortu du puntuazio altuena eta dokumentazio osagarria aurkeztea eskatu zaio

  Zazpi laneguneko epea du Eco-Silma SL enpresak behin betiko fidantza ordaindu eta Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin diru kontuak egunean dituen ziurtatzen dituzten agiriak aurkezteko. Hala betetzen duenean, udalarekin kontratu berria sinatzeko data finkatuko da. Izan ere, Eco-Silma enpresa ari baita Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lehen faseko lanak egiten. Beraz, horiek jarraitu eta amaitzeko kontratua litzateke sinatu beharrekoa.

  Bigarren fasean Araotzeko neska eskola izan zena barrutik egokitu beharko da, hiru apartamendu turistiko osatuz: sarrerako solairuan, mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentua prestatuko da, eta goiko solairuan, beste bi.
Bi enpresa izan dira lanak egiteko esleipenera aurkeztu direnak, eta berez, Eco-Silmaren eskaintza ekonomikoa garestiagoa eta lanak egiteko proposatutako epea ere pitin bat luzeagoa zen arren, diferentzia aurkeztutako lanaren memoria txostenak markatu du. Eta puntu alde txiki baina nahikoarekin, lana Eco-Silma SLri esleitzea proposatu du Kontratazio Mahaiak. Lanak bost hilabetetan eta 265.888,88 euroren truke egitea onartu da.

  Araotzeko neska eskola balio anitzeko ostatu bihurtzeko egitasmoa auzoaren bihotza indartu eta bizirik mantentzeko helburu eta bide gisa sustatu dute Araotzeko elkarteak, udalak eta dirulaguntza eman duten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!