Arantzazurako errepidea larunbat gauean itxiko da eta doako autobus zerbitzua izango da, igandean

Domekan jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi-maratoia. Urbia eta Aizkorri aldera joateko sarbide garrantzitsua da Arantzazu eta, hori kontutan hartuta, aparkaleku eta garraio publiko plangintza berezia indarrean jarriko du Udalak, beste urte batez.
Zegama-Aizkorrira hurbiltzen diren kirolari eta zale asko autokarabana edo ibilgailu handitan mugitzen dira. Arantzazun, 5 metrotik gorako ibilgailuentzako gunea mugatuta dago eta behealdeko aparkalekuetan, 3 plataformatan daudenetan soilik utzi daitezke ibilgailu luze horiek. Halakoentzako 60 plaza gordeko dira Arantzazuko sarrerako aparkalekuetan. Gunea betetzen denean ez da utziko Arantzazura ibilgailu handi gehiagorik pasatzen. Ertzainak eta udaltzainak ostiralean hasiko dira Arantzazuko aparkalekuaren kontrola egiten. Larunbat ilunkaran Arantzazurako errepidea itxiko da, gunea ibilgailuz bete ez dadin. Auzotarrak eta baimendutako ibilgailuak soilik pasa ahal izango dira. Domeka goizean, eta aparkalekua guztiz bete arte, errepidea berriro irekiko da, baina zaintzapean.
Herrigunean, 5 metrotik gorako luzera duten ibilgailuentzat bi aparkaleku egokituko dira: Ibarran, MU aldeko aparkalekuan, eta Garagaltzan, hilerriaren azpialdeko aparkalekuan. Gainerako ibilgailuak berriz, 5 aparkalekutara bideratuko ditu udalak: Eltzia, Berezao industrialdea eta anbulatorio atzealdera, doan, eta ordainpekoak diren Kalegoiena eta kiroldegiko lurpeko aparkalekuetara. Autoak herrian utzita Arantzazurako joan-etorria doan egin ahal izango da autobusez.
Bost autobus ibiliko dira igandean Arantzazura gora eta behera, 7:00etatik 19:30etara. Goizeko eta arratsaldeko lehen orduetan autobusak 10-15 minutuko maiztasunez ibiliko dira; gainontzeko orduetan, 30 minutuko maiztasunez, gutxi gora behera. Autobusek geltoki bakarra izango dute herrian, Arantzazuko Ama kalean, Elkar Hezi ikastetxe aurrealdean. Horrela, ibilgailuen joan-etorria arindu eta bidaiari guztiek zerbitzuaz baliatzeko aukera berbera izatea lortu nahi da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!