Arantzazuko harrobiaren inguruko adierazpen bateraturik ez zen lortu azken Osoko Bilkuran

2016/11/28
Card image cap
Harrobia handitzeko lurra herri jabetzakoa denez, salmentari ezezkoa ematen indarrak batzea proposatu zuen bozeramale jeltzaleak

  Arantzazuko harrobiaren balizko handitzearen inguruan orain arte eman diren urratsak azaldu zituen alkateak azken Osoko Bilkuran. Udalak hainbat alegazio aurkeztu dituela eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bi aldiz batzartu direla esan zuen. Iraileko Osoko Bilkuran gehiengoz onartutako mozioa ere aipatu zuen. Baina Eusko Jaurlaritzari begira, Udalbatzaren ahots bateratua eramatea garrantzitsua dela esan zuen, eta bi udal taldeek bat egingo luketen adierazpena onartzea proposatu zuen. 

  Idatziak bi ideia nagusi biltzen zituen: harrobiaren handitze proiektuak bertako flora, fauna, habitat, paisaia eta auzoarengan kalte larriak sortuko lituzkeela, batetik, eta  bestetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzea, natur ingurunearen babeserako irizpideak lehenetsi ditzala beste interesen gainetik. Adierazpenaren lehen zatiarekin ados zeudela adierazi zuen bozeramale jeltzaleak baina bigarren zatiarekin ez, planteatzen den moduan,  Jaurlaritzak , nahita, legea ez betetzeko arriskua egon litekeela ulertu baitzitekeen eta hori prebarikatzea litzatekeela esan zuen Lourdes Idoiagak. Alkateak argitu zuen idatzian ez zela inork prebarikatuko lukeenik adierazi nahi, aldiz, bai eskatu nahi zela gaia erabakitzerakoan ingurunearekiko sentsibilitate berezia izatea. Udalak jarritako alegazioak onartzea espero duela esan zuen Mikel Biainek baina horretarako ere, Udalbatzaren aho bateko adierazpen bat adostu eta bidaltzea ondo legokeela gaineratu zuen.

  Puntu honetan, Arantzazuko harrobiaren inguruko datu berri bat jarri zuen mahai gainean bozeramale jeltzaleak, alegia, harrobia handitu ahal izateko lurrak herri jabetzakoak direla. Zentzu horretan, salmentari ezezkoa ematerakoan jeltzaleek gobernu taldearekin bat egingo dutela aurreratu zuen. Alkateak, lur jabetza horren berri prozesuaren hasieratik zekitela erantzun zion baina hala izanik ere, expropiazioaren aukera kontutan hartu behar dela esan zion. Gaia argitzeko, kontsulta juridikoa egin dezala aholkatu zion Lourdes Idoiagak alkateari, hau da, Jaurlaritzak herri lurrik desjabetu ote dezakeen argitzea gomendatu zion.

  Adierazpenaren gaira itzulita, EAJk kontra bozkatu zuen eta EH Bilduk baiezkoa eman zuen arren ez zen aho batez onartu, gobernu taldeak nahi zuen bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!