Arantzazuko Gandiaga eraikinean aterpetxea egokitzeko lanak, Ugarte enpresari esleitu berri zaizkio.
Arantzazu Gaur Fundazioak jakinarazi du Gandiaga B eraikina aterpe erabilerarako egokitzeko obren behin betiko esleipena.
Hasieran iragarri genuen bezala, eskaintza ekonomikoa erabakigarria izan da, gehienera lortu zitezkeen 100 puntutik 80 eskuratzeko aukera ematen baitzuen. Eta eskaintza merkeena eginda, lanak, Ugarte enpresari esleitzea erabaki da. Deialdian zehaztu zen aurrekontua, 59 mila eurotan merkatu du Ugarteren eskaintzak eta lanak, 253 mila eurotan egingo ditu. Horri, BEZa batu beharko zaio.
Ugarte eraikuntza enpresak beste hobekuntza batzuk ere proposatu zituen: berme epea, bi urtez luzatuta, 3 urtekoa izango da eta lanak berriz, 23 astetan ez baizik eta 18 astetan egingo ditu. Ondorioz, Gabonen ondoren hasita maiatza erdialderako jada, Gandiaga B eraikinean aterpetxea amaituta egongo da.
Gogoratu, orain bi urte egin zen proiektua pitin bat egokituta, Gandiaga eraikinean 58 lagunentzako aterpetxea prestatuko dela.
Aterpetxeak hartuko dituen 500 metro karratutan 12 oheko lau logela eta 10eko beste bat egokituko dira. Hiruna dutxa eta beste horrenbeste komun izango dituzten gizonezko eta emakumezko bainu gela bana egingo dira eta ezinduentzako egokitutako beste bainugela txikiago bat ere bai.
Horiezaz gain, 27 metro karratuko sukaldea izango du eta sukaldearen ondoan, 104 metro karratuko jangela-egongela zabala. Espazio hau moldagarria izango da eta bertako mahai eta aulkiak unean uneko beharren arabera antolatzeko aukera egongo da.
Arantzazuko Gandiaga B eraikinean aterpetxea egokitzeko lizitaziora bi enpresa aurkeztu ziren eta puntu gehien lortuta, lanak, Ugarte eraikuntzari esleitzea erabaki berri da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!