Oñatiko udala

Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanen esleipen deialdi berria egin du Udalak

2026/01/12
Card image cap
Aurrekoaren lanak murriztu eta aurrekontua egokitu da

  Araotzeko eta Arantzazuko aparkalekuen betetze maila monitorizatu eta denbora errealean jakinarazteko sistema instalatu nahi du Udalak; informazio panela jarriko da Azkoagainen eta Jaturabeko zubian semaforoa egokitzea aurreikusten da. Lanak egiteko 99.293 euroko aurrekontua eta 5 hilabeteko epea zehaztu du Udalak bigarren deialdi honetan. Proposamenik jaso ez eta lehen deialdia bertan behera utzi zen iazko martxoan. Orduko asmoekiko aldaketa batzuk txertatu ditu Udalak, lanen aurrekontua eta burutze-epea egokituz. Hala, Urtiagain inguruan aurreikusten zen informazio panelik ez da jarriko eta Araozko ostatu inguruko aparkalekua ere ez da monitorizatuko, bai ordea, Arrikrutzekoa eta Arantzazukoa.

  Lanak Sistema IP21 Ingeniería enpresak osatutako proiektuaren arabera egingo dira. Monitorizatuko diren guneetan hainbat instalazio elektriko egin beharko dira eta monitore eta kontrol elementuak jarri beharko dira, aparkalekuetan eta udaltzaingoaren bulegoetan, informazioa une oro eguneratuta izan eta aparkalekuetarako bideak egoeraren arabera itxi edo irekitzeko. Izan ere, Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan baita elurra egiten duenean ere, trafiko ugaldu egiten baita Arantzazu eta Araotz inguruetan eta egoera horiek hobeto kontrolatzeko lagungarria izango da monitorizatze sistema berria. Helburua, informazioa garaiz adierazi eta auto pilaketak eta gaizki aparkatutako autoak saihestea da.

  Lanok egiteko interesa duten enpresek osteguna, hilaren 15era arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoa izango da lanen esleipenerako irizpide nagusia, 90 puntu eskuratzeko aukera eman baitu. Berme epea luzatzeak beste 10 puntu emango ditu.

  Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanok, Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzetatik finantzatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!