Oñatiko udala

Arantzazuko Artzain eskolan astelehenean hasiko dute 2025-2026 ikasturtea

2025/09/26
Card image cap
24-25 ikasturteko ikasleak
13 ikaslek osatzen dute aurtengo taldea

  29. ikasturtea beteko du Gomiztegiko Artzain eskolak 2025-2026 honetan eta irailaren 29an, San Migel egunez hasiko da, apirilaren 16ra arte. 13 lagunek hasiko dute kurtso berria, 5 emakumek eta 8 gizonezkok. Ikasle gehienak euskal herritarrak dira, 11 hain zuzen ere: hiruna gipuzkoar, bizkaitar eta arabar eta bi nafar. Beste biak estatuko txoko ezberdinetatik etorriko dira.

  Bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea, ardien ugalketa eta ale onenen hautaketa edota ardi esplotazio baten gestiorako bestelako gaiak jorratuko dituzte. Baita ere baserrietako makineria egoki erabiltzeko oinarriak, lehen sorospenak, ekoturismoa, genero berdintasuna edota abeltzaintza ekologikoa eta terapia alternatiboak. Artzain eskolak hasieratik planteatu zituen helburu nagusiei eusten die, hau da, artzain berrien heziketa integrala bultzatzeari, tradizioak erakutsitakoa gorde eta, aldi berean, produktibitatea hobetzeko eskura dauden ezagutza eta teknologia berriak eskainiz. Beti ere, ingurugiroa eta garapen jasangarria zainduz.

  Teoria praktikarekin tartekatzen da eskolan eta praktika horiek lanean urteak daramatzaten artzainekin egiten dira, nagusiki, baina Gomiztegiko artaldearekin ere bai. Azaro inguruan hasi ohi dira kanpoko praktikak egiten Arantzazuko ikasleak. Baina bisitak eta elkartrukeak ere izaten dituzte. Artzain eskolako ikasleek kurtso amaierako proiektua ere osatu beharko dute eta horretarako hainbat tutoretza ordu eta coaching saio izango dituzte.

  Artzain eskolako ikasturtea 9 hilabetez luzatu da azken hiru urteetan baina sei-zazpi hilabeteko formatora itzultzea erabaki dute aurten. Astelehenean, irailaren 29an hasi eta apirilaren 16an bukatuko dute 2025-2026 ikasturtea Artzain eskolan. Gauzak ondo, kurtsoa hasi duten 13 ikaslek osatuko dute eskolatik irteten den 29. promozioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!